Malagako zinemaldian kritika ona jaso ondore, astelehen honetan Espainiako Canal Plusek “Santuario“ filma estreinatuko du. Izatez Frantziako Canal Plusen ekoizpen bat da eta Iparralde ETAren babesleku izateari uzten hasi zen garaia erretratzen du. Kate frantsesak martxoan eman zuen, urtarrilean Biarritzeko FIPAn estreinatu ondoren. Biarritz telebistako merkatu inportantea da eta urteko ekoizpenak estrenatzen dituzte kate frantziarrek. Baina bestela ere estrenaldi garrantzitsua zen: “Santutegia” filmak Ipar Euskal Herrian errodatu baitute eta oraindik garai horien oihartzunak biziak baitira.
Telemobiak Enrique Casas senatari sozialistaren hilketarekin hasi eta ETAren buruzagia zen “Txomin” Argelera erbesteratzearekin bukatzen da. Tartean Yoyes ETAkide ohiaren hilketa Taldearen esku, Frantziako gobernuak bultzatu omen zituen negoziazio saiakera, GALen erasoak eta talde armatuaren aurka Espainia eta Frantziaren kooperazio hasiera irudikatzen da. Txomin Iturbe gorpuzten Alex Brendemühl katalana jarri dute, Juana Acosta kolonbiarra Yoyes da (FIPAn emakumezko aktore onenaren saria eskuratu zuen) eta negoziazioak abiarazi nahi zituen Grégoire Fontin politikari frantziarra Jérémie Renier belgiarrak jokatu du. Euskal aktoreak (Josean Bengoetxea, Patxi Santamaria, Felix Arcarazo, besteak beste) antzeztaldean daude.
Xabi Molia gidoilari eta zuzendari baionarraren gidoi baten gainean lan egin du Olivier Masset-Depasse k. FIPAn eman zuten prentsaurreko batean, zuzendari belgiarrak “enkargua” jaso zuela aitortu zuen. “Zeozer nekien ETAz edo Euskal Herriaz, baina garai horretan eta historian murgildu behar izan nuen ” aitortu zuen. “Bitan zatituta dagoen Belgikatik nator. Frankofonoa naiz eta beste kultura baten menpe dagoen elkarteko kide gisa heldu diot gaiari” esan zigun.
Filmaren ideia Landeetan jaiotako Quitterie Duhurt-Gausseres-ena da. Baionan bizi zen garaian. “Poterea dela eta oso garai zaila izan zen sozialistentzat. Urteetan ETA eta bestelako mugimenduan indarkeria onartu zuten sozialistek. Eta bapatean, balio horren oinorde ziren sozialistek potere kudeatu behar zuten” zioen. “Filmaren oinarria da Frantziako estatuak nola egiten dion aurre ETAri eta GALI. 1984-6 miterrandismoaren ilusioaren bukaera da” gehitu zuen Masset-Depassek. “Hori da filmaren gai nagusia: ilusioen bukaera bi aldetan” azpimarratu zuen. Gainera negoziazio bat nola prestatzen den irudikatu nahi zuten. “Nola jokatzen duen bitartekari batek, nola arerioek. ETA beste erakunde bategatik ordezkatu daiteke eta erroan gauzak berdin egiten dira” zioen zuzendariak.
Estreinekoz fikzionatu du Frantziako kate batek “euskal gatazka” deritzana. Denbora behar izan dutela zioen Duhurt-Gausseres sortzaileak. Denbora “dokumentazioa sendoa sortzeko baina batez ere garai hartako protagonistak bilatzeko: poliziak, epaileak, ETAkide ohiak. Euren konfidantza lortzeko denbora behar genuen eta hori nabaritzen da filman“, azpimarratu zuen. Osotara filmak txukun agertzen du GALen eta Santutegiaren bukaeraren garai horiek. Hori bai, aldatuta dago ETAko buruzagi baten ezinena, ustez nahita. Zuei asmatzea!
Please comment with your real name using good manners.