Espainiako zine aretoetan 10 estrenaldi ditugu aste honetan. Horietako batzuk hauek dira:

Pelikula estrenaitzen duen aldiro Donostiako zinemaldira etortzen den horietakoa da Isaki Lacuesta. Iaz gurean ere izan genuen. Euskal Herrian sustraiak dituen zuzendari katalanak lehiaz kanpo Sail Ofizialean estreinatu zuen “Murieron por encima de sus posibilidades“, politiko batek esandakoari buelta emanez. Krisi ekonomikoak bost herritar arrunten bizitza suntsitu du. Galtzeko ezer ez daukatela, plan zoro batean sartuko dira: Banku Zentraleko presidentea bahitu. Pelikula korala da, besteak beste, Raúl Arévalo, Imanol Arias, Àlex Brendemühl, José Coronado, Eduard Fernández, Ariadna Gil, Bárbara Lennie, Sergi López, Carmen Machi, Albert Pla, Josep Maria Pou, José Sacristán, Jaume Sisa, Emma Suárez eta Luis Tosar ditu antzeztaldean.
Galipolik oihartzun haundia du Australian eta Zelanda Berrian. I Mundu Gerran, Turkiako gune horretan 130.000 soldadu australiar, zelandar berritar eta turkiar hil ziren. Hori gogoratuz, apirila 25ean, ANZAC eguna, Zelanda Berri eta Australiako soldaduen eguna ospatzen da. Zelanda Berrian jaio baina Australian hazi den Russell Crowek hondamendi hura gogoan hartu zuen liburua “The Water Diviner” egokitu du pantailarako. “El Maestro del agua“ aktoreak zuzendu duen lehen luzea da eta orain arte entzun diren kritiken arabera nahiko ondo moldatu da. Crowek berak pertsonai nagusia jokatu du. Gerra amaitu eta gutxira Galipolira joaten den gizon bat da, guda horretan desagertu ziren hiru semeren bila.
Hurrengo estrenaldiak idazlea eta aktore ezaguna eta ibilbide luzeko zuzendaria nahasten ditu. Beste eleberri bati, Philip Rotheneleberri bati heldu dio Barry Levinsonek. “Rain Man” filmagatik zuzendari onenaren Oscar saria jasotakoak aktore baten nondinorakoak irudikatu ditu “The Humbling“ (La Sombra del Actor) filmean. Bertan Al Pacino bere sexualitatea zalantzan duen neska gazte (Greta Gerwing) batekin harremana hasiko duen aktorea da, gainbeherean dagoen aktorea.
Saritutako film labur asko egin ditu Manuela Moreno zuzendari murtziarrak. Besteak beste, “Dolores” eta “Pipas“. Horien babesarekin, bere lehen film luzea zuzentzeari ekin dio. Komedia amerikarraren itxura duen “Como sobrevivir a una despedida” pelikula idatzi du beste bi emakumeekin batera. Izenburuak dioen bezala ezkon aurreko agurra egin behar diote neska bati bere lagun taldeak. Antzeztaldean besteak beste Donostiako zinemaldian bere lehen lanean aho zabalik utzi gintuen Natalia de Molina aktorea dago.
Eta neska talde bat, beste motatako talde bat, hurrengo filmaren protagonistak. Canneseko “La Quinzaine des Réalisateurs” sailean iaz parte hartu zuen “Bande de Filles“ (“Girlhood”) filmak. “Tomboy” film bitxiaren ondoren, kritikaren txaloak jaso zituen berriz Céline Sciamma zuzendariak. Eta Cesar sarietan ere, aipamen mordoa eskuratu zituen. Frantziako zinean gero eta zeresan gehiago du Sciamma zuzendariak eta adi jarraitu beharrekoa bilakatu. Donostian gainera jatorrizko bertsioan entzuteko aukera izango dugu.
Please comment with your real name using good manners.