Pasaden ostegunean jakitera eman zen Canneseko zinemaldian lehiatuko direnak Urrezko Palmondoaren bila. Maiatzaren 13tik 24ra egingo den zinemaldiaren sail nagusia Jacques Audiardek Thomas Bidegainekin idatzi duen azken filmak itxiko du. Zuberoan jaiotako gidoilariak baina partehartze bikoitza izango du. Berak zuzendu duen lehen luzea, “Les Cowboys“, sari bila lehiatuko da La Quinzaine des Realisateurs (Zuzendarien Hamabostaldia) sailean.

Bidegainek aktualitateko gai bati heldu dio: mendebaldeko gaztetxoen harremana islam erradikalarekin. François Damiens belgiarra, Finnegan Oldfield frantziarra eta John C. Reilly estatubatuarra dira aktore nagusiak. Indio eta bakeroen pelikulak maite dituen aita baten (Damiens) alaba desagertzen da. Ustez musulman erradikal baten atzetik. Semearekin bat (Oldfield) neskaren bila joango da Pakistaineraino eta bertan gizakien bila ari den estatubatuar bat (Reilly) kontratuko dute. Audiarden “Profeta” eta “De óxido y hueso” filmak idatzi ondoren, Bidegainek zuzendutako lehen filmaren aurrean ikusmina dago.
Ikusmina ere, behintzat Espainian, Fernando León de Aranoak zuzendutako azkena ikusteko. Kosovon laguntzaile humanitarioen errealitatea erretratu nahi izan du “A perfect day“ filmean. “Los Lunes al Sol” eta “Barrio” filmeen egileak nazioarteko aktore taldea, Tim Robbins, Benicio del Toro eta Olga Kurylenko, zuzendu ditu honetan. Estrainekoz izango da Cannesen León de Aranoa eta pozik hartu du hautaketa. “Hain zabala eta begirada irekia duen Zuzendarien Hamabostaldian ederki dago “A Perfect Day” gure filma” esan du agiri baten bidez.
Miguel Gomes portugaldarra eta Arnaud Desplechin frantziarra Canneseko Sail Nagusian izango zirela espero zen. Baina Aranoak dion bezala hain eklektikoa den “La Quinzaine des Realisateurs” sailean izango dira. Gomesek hiru pelikula osatzen duten sei orduko istoria filmatu du. “As 1001 Noites“en Scheherazaderen kontakizunaren bertsioari helduko dio Portugalen 2013 eta 2014n gertatukoa kontatzeko. Desplechinek Tadjikistan utzi behar duen gizon frantziar bat irudikatu du “Trois souvenirs de ma jeunesse“ filmean. Paul Dédalus gizon hau bere gaztaroaz oroitzen da une horretan. Familiaz, lagunez eta batez ere, neska batez oroitzen da. Dédalus Quentin Dolmairek eta Mathieu Almaric-ek antzeztu dute.
Zuzendarien Hamabostaldia lehen filmea duten zuzendariak eta ibilbide luzea dutenak nahasi ohi ditu. Lehenengoen artean dago aurten Marcia Tambutti zuzendari mexiko-txiletarra. Urteetan bere bigarren abizena izkutatu zuen. Orain Cannesen aurkeztuko du aitonari egindako omenaldia: “Allende, mi abuelo Allende“ dokumentala. Txileko presidente erahila, Salvador Allende, gogoratzen duen dokumentala. Frantziako zinemaren izen haundi batek zabalduko du berriz astea. Cannesen hainbatetan izandako Philippe Garrelek “L’ombre des femmes“ filma aurkeztuko du. Zinema munduan girotutako amodio istorioa.
Zuzendarien Hamabostaldiak Cannesen maiatzaren 14tik 24ra ospatuko da aurten. Eta aipatutakoekin, 17 film luze hauek erakutsi ditu.
* A PERFECT DAY. Fernando León de Aranoa
* ALLENDE, MI ABUELO ALLENDE. Marcia Tambutti
* AS MIL E UMA NOITES. Miguel Gomes
* LES COWBOYS. Thomas Bidegain
* DOPE. Rick Famuyiwa
* EL ABRAZO DE LA SERPIENTE. Ciro Guerra
* FATIMA. Philippe Faucon
* GOKUDO DAISENSO (YAKUZA APOCALYPSE: THE GREAT WAR OF THE UNDERWORLD). Takashi Miike
* GREEN ROOM. Jeremy Saulnier
* MUCH LOVED. Nabil Ayouch
* MUSTANG. Deniz Gamze Ergüven
* L’OMBRE DE FEMMES. Philippe Garrel
* PEACE TO US IN OUR DREAMS. Sharunas Bartas
* SONGS MY BROTHERS TAUGHT ME. Chloé Zhao
* EFTERSKALV (THE HERE AFTER). Magnus von Horn
* LE TOUT NOUVEAU TESTAMENT. Jaco Van Dormael
* TROIS SOUVENIRS DE MA JEUNESSE. Arnaud Desplechin
Please comment with your real name using good manners.