Bilboko FAS eta Donostiako Kresalaz, euskal herri eta hiri askotan badira beste zineklub batzuk. Askok zailtasunak-zailtasun eusten diote eta egitarau benetan interesgarriekin, kasu askotan. Horietako batzuek apiril honetan programatu dutena hauxe:
Zine-klub Gernikak askotan uzten digu txundituta. Oraingoan gainditu dira. Ostiral honetan berriki zine aretoetan egondako film estatubatuar bat programatu dute. Langabe batek dirua ateratzeko aukera ederra aurkituko du, istripu bat grabatzera doan telebista ekipoa ikusi ondoren. Kamara bat erosi eta bera ekingo dio istripu eta hondamendiak grabatzeari. Iaz Dan Gilroyk filmatutako “Nigthcrawler“ pelikulak kritikaren txaloak jaso zituen. Eta ezbairik gabe, Jake Gyllenhaalei ikusitako paper onena da, gure aburuz.
Datorren astean, Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren inguruan, saio bikoitza izango dugu Zine-klub Gernikan. Batetik duela urte batzuk Zinemaldian txundituta utzi gintuen “Hunger“ filma emango dute ostegunean. IRAko kidea zen Bobby Sandsen gose greba irudietan ematen duen filma Steve McQueen zuzendariak eta Michael Fassbender aktoreak elkarrekin egin zuten lehen lana da. Gerora “Shame” eta “12 urte esklabo” etorriko ziren. Eta istilu batetik beste batera. Ostiralean, “Omar“ jarriko dute, Palestinak iaz Oscar sarietara bidalitako filma. Neska laguna bisitatzeko orma pasatzen duen palestinar gazte bati segada egingo diote. Hany Abu-Assad zuzendaria aurretik “Paradise Now” zoragarriari esker ezagutu genuen.
Santurtziko Serantes aretoan egiten duten zineklubean, datorren ostegunean, “Quay d’Orsay“ (Crónicas diplomáticas) emango dute. Donostiako zinemaldian estreinatu zuen Bertrand Tavernierrek Frantziako Atzerri Ministeritzaren kronika ero hau. Ministerio horretan lan egindako kide batek sortu zuen komikian oinarritu zen zuzendaria. Bi emanaldietan emango dute: 18:00tan eta 20:30tan.
Gipuzkoara etorriz, Zumarragan aritzen den Zine Klub Butak21-k “Pride“ programatu du ostiral honetarako. Britania Haundian, Thatcherren garaian, greban zeuden mehatzarientzat dirua jaso zuen gay komunitateak. Diru hori nola jaso eta nola banatu zen kontatzen du Matthew Warchus zuzendariak. Datorren ostiralean, berriz, pelikula onenaren sarira izendatuta zegoen “Whisplash“ filma jarriko dute. Jazz ikasle batek sufrituko duen jazarpena kontatzen diguna. Ohi bezala, emanaldiak gaueko 22:15ean izango dira,Zelai Arizti aretoan. Gertu, Beasaingo Goieniz Zineklubak berriz Hayao Mizayaki, animazioaren maisu japoniarraren azken lana izan behar zuena pantailaratuko dute apirilaren 23an. “El Viento Se Levanta“ pelikula ohi bezala Usurne zineman izango da, bi saioetan, 19:00tan eta 21:30tan.
Eta Lasarten, Okendo Zinema Taldeak antolatuta, Oscarretako “galtzailea” izango dugu datorren asteko ostiralean. Richard Linklaterrek 12 urtez filmatutako “Boyhood“ ikusteko aukera izango da 22:00etan Manuel Lekuona Kulturetxean.
Please comment with your real name using good manners.