Beti da pozgarria zine klasikoaren hainbat film berrikustea. Pantaila handian bada poza bikoitza da. Eta datozen bi hilabeterako SADE taldeak prestatu diguna ikusi ondoren gehitu zaigu irrikia. Principen bi asteartero progamatzen dituzten film klasikoen artean galdu ezin diren harribitxiak daude oraingoan, 1940 eta 1950eneko hamarkadako harribitxiak.
Ez da komedia, Billy Wilderrek maisuki erabiltzen zuen generoa, baina “Sunset Boulevard” (El Crespusculo de los Dioses) ziurrenik Austrian jaio zen zinegile estatubatuar honen film onenetakoa izango da. Apirilaren 14ean, Errepublikaren egunean, 1950an bukatutako pelikula hori ikusteko aukera izango dugu Donostiako Principe aretoetan. Itzulera prestatzen ari den zine mutuko izarra jokatzen du Gloria Swansonek. William Holdenek antzezten duen gidolaria kontratu eta amorante bilakatuko du, helburu horretan laguntzeko. Filma hilotz baten bakarhizketarekin hasten da, zine historiako uneetako bat da.

Apirilaren bukaeran, hilaren 28an, Hollywoodetik Tokiora bidaiatuko gara. Han Yasujiro Ozurekin hitzordua baitugu. Bere “Tokioko Ipuinak” (Cuentos de Tokio) ezaguna erakutsiko digu japoniar zinemaren maisuetako batek. 1953an filmatutako pelikula honetan, baserritik etorritako guraso batzuk Tokion bizi diren seme-alabak bisitatzera doaz. Hiri eta baserriaren arteko dikotomia, guraso eta seme-alaben arteko jauzia erakusten digu Jim Jarmusch, Wim Wenders edo Aki Kaurismäki bezalako zinegileak eragin dituen zuzendariak.

Maiatzean 1940eneko hamarkadan murgilduko gara. Maiatzaren 12ean hiru izar handi zuzendari handi baten gidaritzapean ikusteko aukera izango dugu. George Cukor korapilo komediaren maisu eta emakumeen zuzendaritzat jotzen dute. Horretarako aktore aproposa aurkitu zuen: Katherine Hepburn. Berarekin bost film egin zituen. Onenetako da “The Philadelphia Story” (Historias de Filadefia). Bigarrengoz ezkontzera doan oinordeko aberatsa da Hepburn. Ezkontzan kazetari bi eta senar ohia agertuko dira. Hepburnekin batera Cary Grant eta James Stewart agertzen dira 1940an, gerraren hasieran, errodatuko film honetan. Oscar sarietarako izendatu zuten Hepburn, bere izendapen bakarra Cukorren zuzendaritzapean. Ez zuen irabazi. Stewardek ordea irabazi duen Oscar bakarra lortu zuen film honekin.
Batean gerra aurreko egun arduragabetsuak ikusten badira, bestean gerra ondorengo garai tristeak. 1948an Vittorio de Sicak zuzendu zuen “Ladrón de bicicletas“, neorrealismoaren maisulana. Gerra osteko Italian langabe batek kartelak itsasten lana lortuko du. Horretarako bizikleta bat behar du. Dirua nekez aurreztu eta bat erosten du. Lanean hasi orduko baina lapurtuko diote lantresna. Bizikletaren bila hasiko da semearekin batera. Filmak atzerriko film onenaren Oscarra, Urrezko Globoa eta BAFTA sariak jaso zituen. Guk maiatzaren 26an, beste guztiak bezala arratsaldeko 8tan, disfrutatzeko aukera izango dugu.
Please comment with your real name using good manners.