Larunbaten banatu ziren Berlinale 65 edizioaren sarietan, niretzat ezustea, ezuste ederra gertatu zen. Lehiatzen zen dokumental bakarra, “El Botón de Nácar” filmari esker gidoi onenaren Zilarrezko Hartza lortu zuen Patricio Guzmán dokumentalista txiletar ezagunak. “Nostalgia de La Luz” zoragarriaren ondoren, Txileko natura eta Pinochetek desagertarazi zituenak protagonistak dituen bigarren dokumental ederra burutu du Guzmánek. Poesia berdinarekin. Aurkeztu ondoren eta saria jasoko zuela ezagutu aurretik elkarrizketa egin genion.
– Nola hartzen duzu zurea izatea Berlinalen lehiatzen den dokumental bakarra?
“Beldur handiarekin, oso errealizadore onak baitaude lehian. Gustura hain demokratikoa den zinemaldian izatea. Lau aldiz jarraian aurkeztu ditut nire filmak Cannesen. Zinemaldi horretako zuzendariari asko gustatu zitzaion film hau ere, baina Berlinalek lehiaketa eskaini zidanez aprobetxatzeko esan zidan harek“.
– Nola izan zenuen dokumentalaren ideia?
“Theodor Schwann zientzilari alemaniar batek esandakoak eman zidan lehen ideia. Ura bizitzaren iturburu modura ikusi zuen lehenengoetakoa izan zen. Bere esanetan, uraren edozein mugimendu planeten mugimenduen erreflejua da, ez bakarrik ilargiarena. Hori liluragarria iruditu zitzaidan. Alegia ura gu eta kosmoaren arteko interkomunikatzailea da. Eta liluragarria Txiletik ura izan dezaketen hainbat planeta aurkitu bait dira. Eta Txilen, 4.200 kilometroko kostaldea bait dugu. Besteak beste, txiletarrentzat ere ezezaguna den artxipielago ikaragarria dugu“.
– Zure dokumentalaren hasierako irudiak?
“Bai. Nik ere Txileko hegoalde hori ez nuen ezagutzen. Erdialdean bizi gara gehienak, hegoaldea eta iparraldea ez ditugu ezagutzen. Ondorioz, zuzendari laguntzaile batekin eta soinu injenari batekin 10 eguneko bidaia egin genuen. Txundituta geratu ginen. Baina istorioa falta zitzaigun. Jimmy Buttonen berri jakin nuenean aurkitu nuen. XIX. mendean kapitain ingeles batek Patagoniako lau indio Londresera eraman zituen, zibilizatzeko. Baina eurak itzuli zirenean, arropa kendu, ilea luzatzen utzi eta berriz izan ziren indio. Jimmy Button 14 urteko mutikoa zen eta botoi baten truke igo zen barkura. Horregatik deitu zuten Buttom. Bera baina bi kulturen artean erdibituta geratu zen betiko“.
– Baina ez duzu hori bakarrik kontatzen?
“Oso zaila da aspaldi hil den jendeen inguruan dokumentala egitea. Ikerketa jarraitu eta Santiagoako museo batean trenbideko errail bat aurkitu nuen, botoi bat itsatsita zuena. Horrek esan nahi du gorpu bati (Pinocheten erregimenak desagertazariko baten gorpu bati) erraila jarri ziotela eta botoia itsatsita geratu zen. Hori da hain zuzen gorpuak itsasora bota zituztelaren froga, froga bakarra. Hor nuen nire istorioa, nire gailu narratiboa, bi urteko bilaketaren ondoren.
– Dokumentalaren une adierazgarri bat hain zuzen gorpu hori nola prestatzen zen antzeztu zenutean da. Zergatik egin zenuten hori?
“Kazetari eta idazle gazte batek, Javier Rebodellok urteetan bizirik atera zirenei eta hitzegin nahi izan duten torturatzaileei galdetu die nola egiten zuten. Eta metodo hori erabiltzen zutela kontatu zidan. Nik ezin nuen sinestu, horregatik eszenifikatu nuen dokumentalean. Nik eta txiletarrek ezin dugulako sinetsi“.
– “Nostalgia de la Luz” Atacamako basamortuan filmatu zenuen, “El Botón de Nácar” honetan Patagoniako artxipielagoan. Txileko iparraldea eta hegoaldea. Hirugarren filmik izango da? Non errodatua?
“Agian, baina ez dakit burutzen gai izango naizen. Andeetako mendikatea, Latinoamerikako hezurdura, izango litzateke. Andeak Himalaya bezala dira, mehatz asko omen dago, energia asko. Mehatz bitxiak, dinosaurien aztarnak, meteoritoak. Ez dakit zein izan daiteken istorioa. Agian Perun dago gakoa. Inkar inperioa Txileraino iristen zen. Pentsamendu zientifikoaren atarian geratu ziren inkarrak, idazten zuten. Mezulariak ateratzen ziren Cuzcotik eta Txile hegoaldera, korrikan joaten ziren, Grezian espartarrak bezala. Eta Pinochetek desagertutakoen gorpuak mendatean bota nahi zituen, bertako putzuetan, baina garestiegia zen“.
– Asmoa buruan duzula ikusten da …
“Zaila da. Ez dakit dirurik izango dudan. Patagonian errodatzea zaila da, barkuak behar baitira, haize bortitzen ondorioz ezin baitira helikopteroak erabili. Haizeak ere gogorrak dira Andeetan. Ez dakit nola egin. Gainera nik bost urte pasatzen ditut pelikula bat egiten. 73 ute ditut orain, beraz hori burutzerakoan ia 80 urte izango nituen. Baina agian ekoizle adoratsuak daude, nork daki“.
Please comment with your real name using good manners.