Iaz, gabonak baino lehenago hasitako ekimena bueltatuko da: Principe zine aretoek zine klasikoa ikusteko aukera emango digu. Arrakastsu izan zen, besteak beste, “Annie Hall” eta “Touch of Evil” (Sed de Mal) programatzea eta enpresak edizio berria prestatu du. Otsailean eta martxoan bi asteartero Donostiako Principe zineetara hurbiltzen direnek Frantzia eta Ameriketako Estatu Batuen artean ibiliko dira, 1930ko hamarkadatik 1960 hamarkadaraino jauzi eginez.
Aurreko bi hilabeteetan, Austrian jaio baina ibilbide nagusia AEBn egin zuen Billy Wilderren lan bat programatu zuten. Astearte honetan beste bat, bere ibilbidearen lan maisutzat jotzen den “El Apartamento“ jarriko dute. Laneko nagusiei amoranteak eramateko apartamentua uzten die bulegaria da Jack Lemmon. Horri esker lanpostu hobeagoa izango duela uste du. Baina dena aldatzen da Shirley Maclainek antzezten duen neskarekin, igongailua ibiltzen duen neskarekin maitemintzen denean. Neska hori nagusi baten amorantea da, hain zuzen. Bost Oscar sari jaso zituen, komedia moduan 1960an filmatu zen lan munduaren satira honek.
Ihauteriko asteartean, otsailaren 17an, beste komedia bat jarriko dute pantaila handian. 1942an, II Mundu Gerraren erdian, Ertauropatik alde egindako beste zuzendari batek, Ernst Lubitschek, zuzendutako “Ser o No Ser“ (To be or not to be– Frantzian, Jeux Dangereux) pantailaratuko dute. Hain zuzen, gerra horretan, Varsovian girotutako filma da eta nazien aurkako parodia ederra da Carole Lombard protagonista nagusi duela. Hamleten eta Hitlerren parodien uneak dira filmaren unerik ezagunetakoak.
Martxoan, gure zinemalditik pasatako izar ezaguna, Ohorezko maskorra jasotako Bette Davis pantaila handian berriz ikusteko aukera izango dugu. Martxoaren lehen asteartean “Eva al Desnudo“ (All about Eve) emango dute. Bette Davis, Margot, antzerkiko izarra da. Bere distira baina itzaliko du gerturatzen zaion eta babestuko duen aktore gazte batek: Anne Baxterrek gorpuztutako aktore gazteak. Eta dena lapurtuko dio.
Martxoaren 17an, Frantziara bidaiatuko gara. 1937an Jean Renoirrek filmatuko “La Gran Ilusión“ eskeiniko dute. Besteak beste, Jean Gabin eta Erich von Stroheim aktore paregabeak ditu filmak. I. Mundu Gerran girotua, alemaniarren gerra eremu batean preso dauden soldadu frantziarren bitartez, gerra aurretik Europan zeuden desberdintasun sozialen erretratua egiten da. II. Mundu Gerra aurretik Italian zentsuratu zuten, Belgikan ez zen estrainatu eta Alemaniako propagranda ministroak, Goebbelsek, zinema arerio nagusitzat jo zuen. Galduezina, beraz.
Please comment with your real name using good manners.