FIPA 2015: hemengo eta munduko errealitateak ezagutzeko aukera ederra

Gaur hasiko da Biarritzen Lapurdiko kostaldeko hiri honetan egiten diren bi zinemaldietatik goiztiarrena. FIPA, telebistarako egiten diren ikusentzunezko saioen jaialdiak 28 edizio egin ditu jadanik. Aurten herri gonbidatu berezia Australia izango da. Eta aurten gainera berritasun garrantzitsu bat izango da: estrainekoz emango den publikoaren saria.

Datorren iganderarte Biarritzen lehio zabala irekitzen da mundura. Munduko hainbat telebistetan ikusiko diren telefilmak, seriak eta dokumentalak ikusteko aukera dituzte publikoak eta profesionalek. Lehiaz kanpo dauden saioez gain lehian dauden sei sailetan sailkatutakoak dute eskura. Batetik, ikerketa erreportaia, sormen dokumentala, musika eta ikuskizunezko saioak, fikzioa eta seriak lehiatzen dira. Azken bi sail horietan gainera antzezpena, musika eta gidoia ere saritu ohi dituzte. Azken urteetan ohiko sail horiez gain eta telebistan digitalizazioa ekarri dituen forma berria saritzeko Smart Fip@ saila sortu da. Urrezko FIPA sariak eta beste elkarteek emandako iruditxoez gain, aurten publikoak emandakoa gehituko zaio.

Lehituko den fikzioan deigarria da ETAk Iparralden zuen babeslekua, GALen erasoak eta Frantziako gobernuak lagundutako balizko negoziazio batzuk gaitzat dituen telefilma. Sanctuaire izenez Frantziako CANAL + kateak egindako pelikulak Domingo Iturbe Abasolo “Txomin” eta Dolores Gonzalez Catarain “Yoyes” ditu protagonistatzat besteak beste. Sormen dokumentalean berriz lehiatuko da 2007an Urrezko FIPA irabazi zuen Rithy Panh dokumentalista kanbodiarra. Frantzian aspaldi bizi da Panh eta iaz Oscar sarietarako izendatu zuten “L’image manquante”, Kanbodiako genozidioaren inguruko dokumental lazgarri eta bereziagatik. Orain Biarritzera dator La France est notre patrie, Kanbodia kolonia izan zuen Frantziaren erretratuarekin. Panh bera zinemaldian izango da.

Serietan berriz poliziakoak nagusi dira. Lehian dauden 11 saioetatik bostetan dira protagonista poliziak. Esaterako Alemania, Norvegia eta Danimarka arteko koprodukzioa den The Team seria. Europa mailako kasuak ikertzen dituztenen pasadizoak kontatzen du. Erreportaien artean aipatzekoa Snowden’s Great Escape, Edward Snowdenen ihesaldia jarraitu duena, edota Irak eta Txetxeniaren istiluek herritarrengan duten eragina filmatu dutena. Azkenik, musika eta ikuskizunetan, Nina Simone kantariaren erretratua azpimarratu nahi nuke. Frantzian ostatu hartu zuen kantaria duela 11 urte hil zen baina “egun inoiz baino ezagunagoa eta maitatuagoa da” dio The Amazing Nina Simone filmaren sinopsiak.

Zinemaldiak hurrengo belaunaldiei arreta handia ematen die eta azken 12 urteetan bezala, ikusentzuneko eskoletan ari diren gazteak lehiatzen dira “Europar Gazteen” sariaren bila. Hortaz gain, gazteek egindako saioek lehioa dute. Sormen dokumental bat egin nahi dutenek euren proiektua telebisteei aurkezteko aukera dute. “Pitch FIPA Industry” hau iaz irabazi zuen Agora: From democracy to the market dokumentala esaterako aurten “Europear Sormenean” ikusteko aukera izango da.

Biarritzeko areto desberdinetara hurbilduko den publikoak gainera Australiako saio eta telefilmak ikusteko aukera izango du. Antipodeetan dagoen herria baita aurten herri gonbidatua. Aukera ederra aretoak bete eta ondoren tabernetan ikusitakoa komentatzen duen publikoarentzat. Izan ere, zinemaldi osorako pasea 27 euro kostatzen baita, beste lagun batekin joan ezkero 40 euro pagatzen duzue, hau da 20 euro bakoitzak.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online