Otsailaren 22an 87. aldiz emango diren Oscar sarietarako izendapenak kaleratu berri dira. B letraz hasten diren filmak nagusitu dira. 9 izendepenekin buruan “Birdman“ eta “The Grand Budapest Hotel“ dira. Ondo kokatua ere “Boyhood“. Horreraino ustekabe gutxi, nagusienak aktore sailean.
Aurreikusita bezala, Urrezko Globoetan lehiakide zirenek errepikatu dute Oscarren izendapenetan. Globoetan bezala izendapen asko lortu ditu ikuskizun munduaren kritika zorrotza den “Birdman” filmak. Bere 9 izendapenen artean, nagusienak: pelikula onena, zuzendari onena, jatorrizko gidoi eta gizonezko aktore onena. Michael Keatonek aukera asko ditu iruditxoa lortzeko. Baina Alejandro Gonzalez Iñarritu zuzendari mexikarrak zaila izango du. Iñarrituren bosgarren izendapena da. Aurrean, Globoetan komedia onenaren saria kendu zion “The Grand Budapest Hotel“ pelikula du. Iñarritu bezala, zuzendari eta gidoi onenaren sarirako Wes Anderson izendatu dute. Texaseko semearen seigarren izendapena da.
Pelikula onenaren lehiakideen artean, biopic batzuk: estrenaitu berri den Martin Luther Kingen bizitza kontatzen duen “Selma“ pelikula, Stephen Hawking eta emaztearen erlazioa irudikatzen duen “The Theory of Everything“ eta Alan Turing matematikoa ezagutarazi digun “The Imitation Game“. Hortaz gain, Clint Eastwooden azkena “American Sniper“ eta Sundancen estreinatu ziren “Boyhood“ eta “Whiplash“ bereziak. Horietako batzuk gure pantailetan daude edo gertu emango dira.
“Boyhood” filman, 12 urtez ume baten koskortzea filmatu duen Richard Linklaterrek zuzendari onenaren sarirako aukera asko ditu. Aipatutako Iñarritu eta Andersonez gain, lehiakide izango dira “The Imitation Game“ zuzendu duen Morten Tyldum norvegiarra eta Cannesen zuzendari onenaren saria jaso zuen Bennett Miller estatubatuarra. Millerren bigarren izendapena da.
Kirolari bat hil zuen Estatu Batuetako familia aberatseneko kide baten istorioak, “Foxcatcher” filmak zuzendari onenaren izendapenaz gain, aktore onenaren izendapena lortu du. Steve Carrell aktoreak aurrean izango ditu Globoetan irabazle izan ziren Michael Keaton (“Birdman”) eta Eddie Redmayne ingelesa (“The Theory of Everything”). Beste ingeles bat, Benedict Cumberbatch (“The Imitation Game”) eta ustekabea izan den, Bradley Cooper (“American Sniper”) hautagaien artean dira.
Beste ustekabea Marion Cotillard frantziarrak emakumezko aktore onenaren sarietarako jasotako izendapena da. Dardanne anai belgiarren “Deux Jours, Une nuit“ filmean langabe utzi duten emakume bat gorpuzten du. Aurkariak: desagertutako emaztearen paperean, Rosamund Pike (“Gone Girl”), Stephen Hawkingen emaztea antzeztuz Felicity Jones (“The Theory of Everything”) eta Reese Witherspoon ibiltari bakalarian “Wild” filmean. Aukera gehien baina Julianne Moorek ditu, Alzheimer gaitzaren lehen urratsak jasaten dituen emakumearen paperean, (“Still Alice”). Mooren bosgarren izendapena da.
Atzerriko film onenaren lehian ere ezusteko gutxi. Europako Ekialdeak eraman ditu gehien. “Ida“ poloniarra eta “Leviathan“ errusiarra zerrenda guztietan zeuden. Horiekin batera Estoniak aurkeztutako “Tangerines“ izango da lehiakide. Eta “Relatos Salvajes“ argentinarra eta “Timbuktu” mauritaniarra.
Azkenik, kuriostitate bat: Alexandre Desplatek bere buruaren kontra lehiatu beharko duela. Musika onenaren sarirako hautatu dute “The Grand Budapest Hotel” eta “The Imitation Game” filmeengatik.
Please comment with your real name using good manners.