GOYA SARIAK: pelikula onenaren lehian euskaraz egindako lehen filma

Aurten aurreratuta, larunbatean igandean ordez, etorriko zaizkigu Goya sariak. Otsailaren 7an jakingo dugu Loreak, euskaraz osorik errodatu den pelikula, film onenentzat jotzen duten Espainiako Zine akademikoek edo izendapen gehien dituztenak lortuko duten ohore hori. Horiekin batera, beste 9 sailetan adi jarraituko beharko da euskal zinegileen patua.

Izendapenei erreparatu ezkero, ematen du lehia ANTENA 3 eta TELE 5ren artean dagoela. Eurek ekoiztutako bi filmek jaso dituzte hautagaitza gehien. Antena 3k babestutako La Isla Mínima pelikulak, thriller poliziako irudipean espainiar transzizioaren erretratu finak 17 izendapen ditu. Besteak beste, pelikula onena, zuzendari onena eta aktore onena bere bi aktore protagonistetarako. Beste telebista pribatuak Gibraltarren droga trafikoaren inguruko El Niño filma ekoiztu du. Berauk 16 izendapen ditu, tartean, pelikula onena eta zuzendari onena.

“Loreak” eta beste bi horiekin pelikula onenen lehian, Donostian Urrezko Maskorra eskuratu zuen Magical Girl eta Relatos Salvajes hispano argentinarra daude. Carlos Vermut marrazkilari eta zuzendariaren bigarren luzeak 7 iruditxoetarako hautagai da. Jazarpenaren erretratu finak sail nagusietan lehiatuko da: film onena, zuzendari onena eta emakumezko eta gizonezko aktore onenak. Kuriositate modura, pelikula honengatik emakumezko aktore onenerako izendapena lortu duen Barbara Lenniek beste sari baten pendiente egon beharko du. Antzeztaldeko emakumezko aktore onenerako izendatu dute “El Niño” filmagatik. Pedro Almodovarren ekoizetxeak babestutako Relatos Salvajes pelikulak 9 izendapen ditu: tartean film onena eta hispanoamerikar film onena. Koprodukzioen gauzak.

Donostiako zinemaldian lehiatu ostean, Goyetarako film onenen artean sailkatu izanak pozez zoratzen jarri ditu Loreak taldekoak. Californian, Estatu Batuetako estrenaldian ari direla, harrapatu ditu berriak Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariak eta Xabi Berzosa ekoizleetako bat. Ia lo egin gabe, izendapenak jarraituz, erantzun digute “zeremonia aurrera egin ahala itxaropena galdutzat jotzen genuen. Film onenetarako izendapena izugarrizko poza izan da“. Lan talde osoari saria dela uste dute. Itxaropenak galdutzat jo dute zeremonia oso hasieran euren beste izendapena entzun baitute: musika onena sailean lehiatuko da Donostian bizi den Pascal Gaigne konpositorea. Aurretik kanta batengatik izendatu bazuten, hau pelikula osoko musikagatik lehen izendapena da. Guri esan digunez “pelikularen isiluneak laguntzeko musika egin dugu“.

Takilako arrakasta handiena izan da baina izendapen gutxi lortu ditu 8 Apellidos Vascosfilmak. Bost eta horietatik hiru euskal izenei lotuta. Aurretik Goya saria duen Karra Elejalde arabarra antzeztaldeko aktore onenerako dago izendatua. Hortaz gain, Fernando Velazquez getxoztarrak idatzitako No te marches nunca kanta eta Kalo (Gonzalo) Berridi donostiarraren argazkilaritza. Jorge Guerricaecheverria gidolari bilbotarra ere hautagai izango da, kasu honetan, “El Niño“ren gidoian parte hartu izanagatik.

Bestetik beti fin ibiltzen den euskal animazioak izendapen bi lortu ditu. Film luzeen saileetan Dixie eta matxinada zombia filma saria lortzen saiatuko da. Abra ekoizetxearen filma Ricardo Ramónek eta Beñat Beitiak zuzendu dute. Ramonentzat bosgarren izendapena da. Hortaz gain, animaziozko film laburretan, sariak irabazi eta irabazi ari den Sangre de Unicornio ere lehiatuko da. Ekoizetxe bilbotar baten laburmetrai hortaz gain, beste euskal film labur batek aukera ditu. Fikzioan Loco con Ballesta Kepa Sojo irakasle eta zinegilearen filma izendatu dute. Sojoren laugarren film laburra eta lehen izendapena. Euskal film laburren harrobi sendoa.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online