Lekeition osasuntsu jarraitzen du Euskal Zine Bilerak

Zinemaldi batek 37. edizioa betetzen duenean, ez dago zalantzarik. Osasuntsu eta oraindik matraka emateko moduan dago. Eta hori gertatzen zaio Lekeitioko Euskal Zine Bilerari, ezbairik gabe. Indartsu gainera azken urteetako euskal zinegile belaunaldi onenetakoa baitugu.

 

1970an sortu zeneko izpiritu beretsua du Euskal Zine Bilerak “euskara eta ikus-entzunezkoen mundua uztartzea“. Garai hartan bezala “euskararen sustapena zinemagintzari lotu” nahi diote. Saiakera horretan aurten ezuste polita lortu dute. Partehartze marka guztiak gainditu dituzte:  euskaraz filmatutako 59 film aurkeztu dira. Horietatik 48 hautatu dituzte, amateur eta profesional arloan lehiatzeko: 30 lan amateur eta 18 profesional.

Profesionalen artean, Kimuak katalagoan dauden, Asier Altunaren Soroa edota Kote Camachoren Don Miguel izango dira lehiakide esaterako. Amateurren artean Intxaurrondoko Larrotxene Bideo tailerrak bi lan ditu. Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazki arloak sarituko dira. Profesionalen sailean, arlo bakoitzeko 1.600 euroko eta zilarrezko antzarra dira sariak. Amateurrak aldiz, 1.000 euro eta antzarrak eskuratzen dituzte. Bi kategorietan Film Onenaren Saria, ikur preziatuena da. Lan profesional onenak 1.900 euro jasoko ditu eta urrezko antzarra eta lan amateurrak 1.300 euro eta urrezko antzarra.

Iaz bezala, eta belaunaldi gazteak astindu nahiez, Gazte 22 saria emango da. Aurten 10 film aurkeztu dira. 1991ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako parte hartzaileen artean 600 euroko sari berezia emango da. Eta estreinekoz, berdintasun saria emango da, Antzar Morea eta 500€ko saria.

 

 

Eta indar gehiago ematearren, aurten beste berritasun bat: azaroaren 29an euskal zinemagintzaren inguruko jardunaldiak eskainiko dira. Bi helburuei – amateurrei auspoa eman eta profesionalen bilgune izatea – eusten dion zinemaldiak, eurek dioten modura, “Lekeitio Cannes txikia” bihurtzen du. Horrela  da euskaraz egiten den zinearentzat behintzat.

 

 

 

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online