Udazkenik gabeko egun batean hurbildu gara Amorebietara, herria aztoratuta duen errodajera. Izan ere, New Yorken eta Bartzelonan ikasi ondoren, Lara Izagirre zuzendari eta gidolairi zornotzarrak Gariza produkzioak ekoiztetxea sortu zuen 2010an. Eta orain, jaioterrian errodatzen ari da bere lehen luzea: “Un Otoño Sin Berlin“. “Azken bi film laburrak ondo joan ziren eta erabakitzeko ordua iritsi zitzaidan: beste film labur bat egin edo saltoa eman eta luzea egin” esaten digu Larak Santa Ana auzoan egiten ari ziren eszenen artean, bazkarian. “2011an idatzitako gidoia atera, ekipoari erakutsi eta hemen gaude film luze bat egiten. Jakin izan banu” dio parren artean.

2011an idatzitako istorio hori itzulera eta amodio baten istorioa da. Ihes egin ondoren, urteak kanpoan egin duen neska bat herrira bueltatzen da. Aurrean, aitarekin duen erlazioa konpontzea eta lagun berezi ohi batekin duen harremana astintzea du. “Zergatik jakin gabe desberdin sentitzen diren lagunen istoria da” Lararen aburuz. Berlinetik itzultzen bada galdetzen diogunean kezka txiki bat agertzen du. “Ai ama! Jendeak hori pentsatzen du?” galdetzen du. “Hori pentsatuko dute, baina filma ikusterakoan ustekabe polita hartuko dute” lasaitzen dio Leire Abaigar prentsa arduradunak.
Ba Berlinetik ez, baina beste toki batetik itzuliko den neska hori June da. “Aurrera egiteko, bizitzen jarraitzeko, argia behar du, argira ateratzea behar du Junek” dio. Pertsonai hori antzezteko Irene Escolar, Gutierrez Caba familiako aktore gaztea hautatu zuen, kafea elkarrekin hartu ondoren. “Aktore itzela zela esan zidaten eta pertsonaia ulertzen zuela berehala ikusi nuen” aitortzen digu. Aktore erreza dela dio eta bion arteko sintonia onartu “eszena guztietan dago eta oso zaila da guztietan ondo egotea eta protagonistak egiten duen ibilbidea egitea“.

June Diego laguna berpiztera etorriko da. “Aurrera egiteko Junek argira atera behar badu, Diegok, barrura, iluntasunera egin behar du” dio Larak. Idazlea den pertsonai hori egiteko Goya saria duen Tamar Novas aktore galegoa ekarri du Larak. Irene Escolarrekin aurretik lan eginda zegoen Tamar eta Irenek gomendatu zion Larari. “Hasieran ez nuen bere izena buruan baina ezagutu bezain pronto jakin nuen bera Diego zela“, dio. “Gidoia hartu eta onartzen zuela esan zidan arte pasa ziren bi ordutan urduri egon nintzen” onartzen digu.

Aitarena egiten duen Ramon Barea “gure film labur batean, “Kea”, ezagutu gabe lan egin zuen, laguntzeagatik. Ondorioz, orain aukera nuela gidoia bidali nion“. Ramonekin oso errez lan egiten dela dio eta baita, Juneren laguna mina, Ane egiten duen Naiara Carmona, errenteriarrarekin eta Juneren anaia, Aitor jokatzen duen, Mariano Estudillo durangarrarekin. Lara gustura dago Lier Quesada ume durangarra hautatu izanagatik. “Sekula ez du antzeztu baina primeran ari da”, dio. Junek eskolak ematen dion haurra da “frantsesezko klaseak ematen dio eta bion artean ume eta heldu baten arteko adisketasun istorioa sortuko da“.

Saritutako “Next Stop: Greenland” dokumental luzearen eta “Sormenaren Bide Ezkutuak” dokumental laburraren zinegileak “New Yorken lanean egon nintzen ekoizetxeak bezalako film politak egiten zituen produktora sortu nahi nuen“. Orain 3 urte beranduago, “Gariza Produkzioak” bere ekoizetxearekin miloi terdi pasatako film bat errodatzen ari da, azken belaunaldiko kamara batekin. Noiz estrenatuko duten galdetzen diogunean, argi esaten digu: “udazkeneko filma da, beraz udazkenean estreinatuko da“. Eta guztion gura aurrestrenaldia Donostiako Zinemaldian izatea.
Please comment with your real name using good manners.