“Loreak“ filma zine areto komertzialetara iritsi denetik ia ezinezkoa da Aitor Arregi harrapatzea. Euskaraz errodatu eta Donostiako Zinemaldian lehiatu den lehen filmearen ekoizle eta ko-gidoilaria leku batetik bestera dabil “baina promozioan ez hain murgilduta zuzendariak bezala“. Horri gehitu behar zaio Moriarti ekoiz etxean eta Mondragon Unibertsitateko irakasle lana eta aita izatea. Baina “Loreak” filmak lana handitu badio “hilabete ederrak izan dira“. Orain gainera “interes handiarekin jarraitzen dituzu egunero iristen diren takillako datuak” dio.
Baina Aitor Arregi zoriontzeko beste aitzaki bat dago. Bere fikziozko lehen film laburra zuzendu du aurten eta Kimuak programan sartu ondoren, Donostiako Zinemaldian ikusteko aukera izan genuen. Gainera igande honetan bertan, Errenteriako Film Laburren Zinemaldian, bi sari eskuratu ditu: euskarazko film onenaren saria eta Ainere Tolosak eraman du emakumezko aktore onenaren saria.
Aktore lanetan, Gotzon Sanchez beste ardatza da, baina film honen zutabe nagusia, pelikularen “pisua” eramaten duena Nagore Aranburu da. Bera Miren da, arropa saltzailea. “Mirenen dendatik alkandora bat desagertu da eta Mirenek garbi du nork lapurtu duen, baina ez dauka frogarik. Argi dauka pertsona horri begietara begiratuta, hau urtu egingo dela“, laburbiltzen du Arregik. Baina errealitatea beste bidetik joango da. Azken batean “nahia eta ezinaren arteko talkari buruz hitzegiten du filmak” uste du zuzendariak. “Eta obsesioaz?”, galdetzen diogu. “Duda barik. Niretzat, pertsona bat obsesionatuta ikusteak indar narratibo handia dauka. Nik uste guztiok obsesionatu garela noizbait zerbaitekin, berebiziko garrantzia eman diogu zerbait horri, agian berez ez zuenean garrantziarik. Jarrera hori oso gertukoa eta humanoa egiten zait” adierazten digu. Eta gehitzen du “egunerokotasunak potentzial narratibo handiko istorioak eskaini ahal ditu“.
Ezagunak egingo diren pasadizoen bila, filmaren eszena garrantzitsu bat Tolosako ihauterietan filmatu zuten. “Festa giroko toki bat izan behar zuen, horrek ematen ziolako laburrari toke gazi gozo bat. Festa handi baten erdian, tentsiozko egoera bat planteatu nahi genuen” argitzen digu. Errespetu handia ematen zien ihauterietan errodatzeak, hainbat faktore ez baizituzten kontrolatzen, baina “azkenean, filmaketako taldekoak, konpartsa bat gehiago izan ginen. Lanean zegoen konpartsa. Asko disfrutatu genuen” aitortzen du.
Aitor Arregik aurretik “Glup” eta “Cristobal Molón” ko-zuzendu ditu. Eta 2007an Goya sarietarako izenduta izan zen “Lucío” dokumentala, besteak beste. Baina benetako pertsonaiekin bere lehen fikziozko filma errodatzen oso gustura, eroso, egon da “<< Lucio>> zeuden errekreazioak zirela eta, egon ginen egun batzuk fikzioa grabatzen eta Moriartiko kide izanda, fikzioaren esparruarekin kontaktuan egoten naiz eta egia esan, laburra grabatzerakoan ez dut sentitu zerbait berria egiten ari nintzenik“. Besteak beste, Moriartiko kide guztiak prozesuan oso presente egon direlako uste du, ondorioz, “errepikatuko nuke berriro” onartzen digu.
Please comment with your real name using good manners.