Apalki baina sendo, 19 urte bete ditu jada Simone de Beauvoir talde feministak sortutako zinemaldiak. Bihar hasi eta iganderarte martxan izango da Bilbon Zinemakumeak gara, emakumeek egindako zinemaren XIX. mostra.
“Whip it” filma
BBK aretoan izango du ostatu esaterako Drew Barrymore aktoreak zuzendutako lehen fikziozko film luzeak. 2009an filmatu zuen pelikula honen protagonista Ellen Page da. Edertasun lehiaketei muzin egin eta Skate roller lehiaketan ibili nahi duen nerabearen papera egingo du izar bilakatutako aktore gazteak. “Whip it“ filmak mostra zabalduko du.
Barrymore eta beste askoren aintzindari izan zen Dorothy Arzner zuzendariak. Hollywoodeko Urrezko Aroan pelikula komertzialetan lan egin zuen emakume bakarra. Donostiako Zinemaldiak zikloa eskaini dio aurten eta mostrak ere egilearen film bat emango du. “Dance, Girl, Dance“ filma ikusteko aukera dugu ostegunean. Ostiralean berriz, Manuela Moreno murtziarraren sei film labur emango dira. Orain arte film laburrak egin ditu Morenok, umorez beteak. Bere lehen film luzea “Como sobrevivir a una despedida“ amaitzear dago. Hori eta beste askoren inguruan berarekin hitzegiteko beta izango da.
Asteburuan berriki egindako lau film luze emango dituzte. Ostiralean Lake Belle estatubatuarrak zuzendutako “In a world …“ izango da ikusgai arratsaldeko 20:45tik aurrera. Larunbatean programa bikoitza: Anne Sewitsky norvegiarraren lehen luzea, “Siempre feliz“, eta Valeria Bruni-Tedeschi italiar-frantziarraren hirugarren pelikula, “Un Castillo en Italia“, Canneseko zinemaldian lehiatu zena. Igandean, erakusketa ixteko, Marta Onzain bilbotarraren “Ese otro“ film laburra emango dute eta gero Almut Getto alemanarraren “Cerca de Ti“ film luzea eskainiko dituzte. Horiek jada BilboRock aretoan izango dira.
Asteazkenean eta ostegunean 3 euro balioko dute sarrerek. Larunbatean berriz 4 euro izango da.
Please comment with your real name using good manners.