Hiri haundi horretarako Londreseko Zinemaldia txikia ematen du. Baina jada ia 60 urte bete ditu. Londreseko BFI zinemaldiaren 58. edizioa atzo abiatu zen. Urriaren 19rarte 248 film emango dituzte, tartean “LOREAK” eta “8 APELLIDOS VASCOS”. Hamabi egun hauetan 540 gonbidatu izango dira – besteak beste, parte hartuko duten filmeen 170 zuzendari eta 120 aktore.
Eta lehen izarrak atzo ibili ziren Leicester Squaren, zine estrenaldien plazan, jarri duten alfonbra gorritik. Zinemaldia zabaltzeko “The Imitation Game“ filma eman zuten. II Mundu Gerran hain garrantzitsua izan zen Enigma kodea eta bere asmatzailea,Alan Turing matematikoa, gogoratzen dituen filmak Benedict Cumberbatch aktore britaniarra du buru. Bera eta Keira Knightley taldekidea, izan ziren atzo alfonbra gorrian. Zinemaldia itxiko duen “Fury” pelikularen Brad Pitt eta Shia LeBoeuf aktoreak hurrengo asteko igandean arituko dira.
Londreseko zinemaldiak gaika sailkatzen ditu ematen dituen 248 film gehientsuenak. “Beldurra”, “Maitasuna” eta “Ezbaia” bezalako sailetan antolatzen ditu lehiaz kanpoko filmak. Hortaz gain, hiru lehiaketa ditu: Sail Ofiziala, Lehen Filmeei eskeinitako lehiaketa eta Dokumentalen lehiaketa. Zine jaialdiak “A maila” ez duenez, Cannesen edo Donostian lehiatu diren filmak izan daitezke lehiaketan. Esateko Donostian izan ziren “Une nouvelle amie” edota “Phoenix” izango dira lehian.
Euskal Herritik joandako pare bat film ere izango dira Londresen. Mundu mailan “Spanish Affair” izenburupean saltzen ari den “8 Apellidos Vascos“ filma asteartean eta ostegunean emango dute. Ikusmina hain da haundia astearteko emanaldia jada agortua dagoela. Asteburuan, 18 eta 19an, emango dute gure beste filma, “Loreak“, ingelesez “Flowers” izenburupean programatzen dutena. Filma babesteko lantalde zabala doa Londresera, tartean bi zuzendariak, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño.
1941an jaiotako Stephen Frears zuzendari britaniarrak jasoko du bizitza osoari eskeintzen dioten saria. Bere lan zabalaren artean “Dangerous Liaisons“, “The Queen“ eta “Philomena“ filmak ditugu, besteak beste.
Please comment with your real name using good manners.