Udazkenearekin bat, gure zineklub gehienek urteari ekiten diote. Donostiako Kresalak atzo hasi zuen ibilbide berria, gaur Bilboko FASek urriko emanaldiak abiatuko ditu. Eta Donostiakoa bezala klasiko bati helduz ekingo dio ikasturte berriari.
Kasualidadea izango da baina Kresalak 1959ko film batekin hasiko du bere urriko egitaraua eta urte bereko beste pelikula bat programatu du FASek ikasturteari ekiteko. Danimarkan jaio baina Estatu Batuetan karrera gehientsuena egin zuen Douglas Sirk-en film bat da: “Imitation to Life“. Askorentzat Sirk-en pelikula onena da Ameriketako arrazakeria aitzaki duen film hau. Lana Turner da protagonista nagusi. Filma Cristina Ezquerrak, Sirken filmografian adituak, aurkeztuko du. Aurretik Alex de la Iglesiaren “Mirindas Asesinas“ film laburra aurkeztuko dute, Alex Angulori omenaldi txikia.
Urriaren 14ean, margolari baten istoria lazgarria pantailaratuko dute. Bere familiak ero moduan tratatu zuen Camille Claudel margolaria. Eroetxe batean gorde zuten eta han hil zen. Margolariaren izenarekin filma zuzendu zuen Bruno Dumont frantziarrak duela bi urte benetako eroetxe batean. Benetako gaixoen artean, margolaria gorpuztu arazi zuen Juliette Binoche. Sevillako zinemaldian ikusi zen filma. Atari moduan Pello Gutierrezek zuzendutako “Abuztua“ film laburra izango dugu. Pello Gutierrez eta Zine T’Erdi bere kolektiboko David Aguilar eta Filmotiveko Iñaki Sagastumek izango dira gonbidatu bereziak.
Urriaren 21ean, errumaniar zine paregabearen bitxi bat. Calin Peter Netzerrek filmatutako “Ama eta Semea“ pelikulak Berlinek Urrezko Hartza, pelikula onenaren saria jaso zuen duela bi urte. Seme bakarra gartzelatik libratzeko emakume batek hartutako lana kontatuko digu, Errumaniaren egungo egoera aldi berean agertuz. Norberto Albónigak aurkeztuko du saioa.
Eta hilabete bukatzeko modan jarri den zuzendaria. Donostiako azken zinemaldian kritikoen txaloak jaso zituen Christian Petzold zuzendari alemanak. Bere “Phoenix” filmak FIPRESCI saria jaso zuen. FAS zineklubean, urriaren 28an, aurreko lana “Barbara“ aurkeztuko dute, Berlinen zuzendari onenaren saria eskuratu zion filma. Emanaldia hasteko Aritz Morenok zuzendatuko “Colera” film laburra eskainiko dute, Iratxe Fresneda irakasle eta kazetariak aurkezpen lana egiten duela.
Please comment with your real name using good manners.