Donostiako Zinemaldia bukatzearekin batera, hiriko zineklub zaharrenak, Kresala Zineklubak, abiatzen du ikasturtea. Eta hasi aldaketa garrantzitsu batekin: egoitza aldatuko dute. 1972an sortu zen zineklubak orain arte astelehenero emanaldiak Kutxak Arrasate kalean zuen aretoan egiten zituen. Baina Kutxak aretoa saltzearekin bat Kresalak emanaldiak lekuz aldatu behar zituen eta Trueba zine aretora eramango ditu. “Onerako“ uste dute egun zinekluba kudeatzen dutenek. Carlos Minondok esan digunez “emanaldien kalitatea igoko da, formato gehiagotan proiektatzeko aukera izango baita eta eserlekuak ere erosogoak izango dira“. Salneurria ere euro batean garestitu behar izan dute. Orokorra lau eurotik bostera pasako da; EHUko ikasleek eta Nosferatuko abonoa dutenek lau euro ordainduko dute orain. Ordutegia ohikoa, 19:30tan.
Ibilbide berriari helduko diote urteurren sonatua gogoratuz. I Mundu Gerra gogoan izan nahi dute Kresalakoek eta 1959an Italian egindako zinta bat berreskuratu dute horretarako. Veneziako zinemaldian Urrezko Lehoia irabazi zuen “La Gran Guerra“ filmak. Mario Monicellik zuzendutako zinta hau astelehenean emango dute. Gerraren absurdoa azpimarratu nahi zuten egileek eta parodiarako izen handi bat aktore lanetan jarri: Alberto Sordi. Horrekin batera, Vittorio Gassman aurkituko dugu. Ezbaian, ikusleen galderei erantzutezko, Iñaki Gonzalez EHUko irakaslea izango da.
Datorren astelehenean, urriak 13, gaur eguneko dokumental bat aurkeztuko digute. Mercedes Alvarezek duela 3 urte filmatu zuen “Mercado de Futuros“. Etxe bat hustu eta etxegintzaren merkatua erretatzen du. Alvarezek Jose Luis Guerinen “En construcción” sonatuan lan egin zuen filma montatzen. Alvarezek sari andana lortu ditu baina gehientsuenei ezezagun gertatzen da. Kresalan ikusiko dugun dokumentalen argazkilaritza lanean Donostian saritu berri duten Alberto Rodriguez dago. Emanaldian Mercedes Alvarez zuzendaria bera izango da.
Hilabete bukatzeko (azken astean zinemaren festa da eta Truebak pelikula komertzialak eskeiniko ditu), zuri beltzera bueltatzen da Kresala. Klasiko bat eskainiko du: Fritz Lang alemanak 1927an filmatu zuen “Metropolis“ pantailaratuko dute. 2010an berreskuratu zen pelikula 2000 urtean kokatzen da. Mundua industria gizon baten mende dagoela. San Telmo Museoarekin batera egindako emanaldia izango da eta ondorioz doakoa.
Please comment with your real name using good manners.