“Lantanda“ dokumentalaren atzean dauden bi gizonekin hitzegitea historia eskola bat da. Afrikako Mendebaldean dagoen Guinea Bissauren inguruko historia eskola bat. Izan ere hain ezezaguna egiten zaigu Portugaleko kolonia izandakoaren errealitatea. “Narkotrafikoarekin eta estatu kolpeekin erlazionatutako herritzat jotzen dugu. Baina oso kultura aberatsa du“, dio Gorka Gamarra zuzendariak. Guinea Bissauk ongi tratatu duelako, esker onez kultura horren berri eman nahi zuen eta Juantxu Beloki kamalariari konbentzitu zuen. Biek ekoiztu dute dokumentala “Guinea Bissauko kultura hartuta herriaren aurpegi soziala erakusteko“. Donostiako Zinemaldian ikusgai izango da “Zinemira” sailean eta Irizar Saria lortzeko lehiatuko da.
Ofiziala ez den kreolera eta horren inguruan sortutako kultura da dokumentalaren ardatza. Guinea Bissauk “Euskal Herriaren tamaina du eta 33 etnia bizi dira bertan, bakoitzak bere kulturarekin, bere hizkuntzarekin“, argitzen digu Belokik. “Euren artean komunikatzeko kreolera erabiltzen dute eta herri bezala identitatea ematen dien elementua da” zehazten du. Portugalen menpean zegoenean, “kreoleraz hitzegiten zuena indigenetzat jotzen zuten, konplexu hori kentzea oso zaila da“, dio Gamarrak. 1973an independentzia lortu zuenetik, saiakera pare bat izan da hizkuntza ofiziala egiteko “baina estatu kolpeek horiek gelditu dituzte. Estatu kolpe bakoitzarekin “zero”an bezala jartzen da egoera” gogoratzen digu Belokik.

“Abestiak dira gure gidatzaileak” dio Gamarrak. 60eneko hamarkadan askatasun beharra adierazten zuten kantak egiten ziren. Independentzia ekarriko zuen borroka unea zen. “Irratian fadoa entzuten zuten garaian, “Cobiana Jazz” taldea sortu zen, kreolez guinearren gai sozialak kantatzen zuten“, dio Gamarrak. Eta talde horren sortzaileetako baten hitz batzuk ekartzen dute gogora, “gazteak iraultzan murgiltzeko kantatzen genuen“.

Independentziaren aldeko borrokan erabili zen kreolera, “herria batzeko, herri identitate sortzeko“. Egungo gazteek balio horiek salduta ikusten dute. Gaur eguneko kantak egoera sozio ekonomiko kaskarra eta batasunaren beharra adierazten dute. “Gazteei independentzia kontatzen zaie, orduko giroa eta ingurura begiratuaz galdetzen dute orduan zergatik dago egoera dagoen bezala“, dio Gamarrak.

Abeslariez gain, kreolera erabiltzen hasi diren idazleak elkarrizketatu dituzte, esaterako “kreoleraz idatzitako lehen liburua egin duena“, azpimarratzen du Belokik. “Kreolera errela bilakatzen ari den jendea da” gehitzen du. Uste dute gainera “Lantanda” dokumentalaren bitartez, iraultza txikia sortu dutela. “Batzuek elkar ezagutzeko balio du” eta agian etorkizunean kreolera akademia bat sortuko da. Bitartean dokumentala ikusteko aukerak Zinemaldia hauek:
– Irailak 24, Printzipe Zineetan, 20:30tan
– Irailak 25, Antiguo Berri Zineetan, 18:15tan
– Irailak 27, Antiguo Berri Zineetan, 20:30tan
Please comment with your real name using good manners.