Bi Oscar sarien irabazlea, Denzel Washington (New York estatua, 1954) afroamerikarrak publikoaren eta kritikaren txaloak jaso ohi ditu. Aktoreak irailaren 19an, Zinemaldia zabaltzearekin bat, jasoko du aurtengo edizioko Donostia Saria, 52. edizio honetako lehen Donostia Saria. Eta besopean aktore eta produktore izan den azken lana, “The Equalizer“, ekarriko du. Antoine Fuquak zuzenduta 80.eneko hamarkadako detektibe polizia serie batean dago oinarritua.
Washingtonek kazetaritza ikasketak egin zituen baina berehala gailendu zitzaion aktore izateko sena. Antzerki konpainia batean ibili eta telebista eta zinerako paper batzuk egin ondoren, ezaguna egin zen telebista serie bati esker. NBCn sortu eta gerora munduko hainbat telebista katetan eman zen “St Elsewhere“ seriean Philip Chandler doktorea zen. Aldi berean zinea egiten jarraitu zuen eta lehen Oscar izendapena lortu zuen Richard Attenborough-ren “Cry Freedom“ (1987) pelikulagatik. Steve Biko aktibistaren paperean antzeztaldeko aktore onenarako izendatu zuten. Bi urte geroago lortu zuen. Edward Zwickek zuzendutako “Glory“n (1989) ihes egindako esklaboaren paperak bere lehen Oscarra eskuratu zion.
Handik aurrekontu haundiko filmetara. Esaterako kazetari bat gorpuztu zuen Alain J. Pakulak zuzendutako “The Pelican Brief“en (Pelicano txostena, 1993), IHESA zuen abokatu baten abokatua zen Jonatham Demmeren “Philadelphia“n (1993) edoeta erreplika ematen zion Whitney Houstoni “The Preacher’s Wife” (Sermolariaren Emaztea, 1996) filmean. Aldi berean, kritikak maite izan dituen filmak burutu ditu. Askotan benetako pertsonai bat gorpuztuz. Gehientsuenak borroka raziala oinarrian dutenak. Esandako Biko hegoafrikarraz gain, Rubin “Hurricaine” Carter boxealariarena egin zuen Norman Jewisonen (1999) filmean eta Malcom X buruzagi afroamerikarrarena Spike Leek (1992)an zuzendutakoan. Biei esker aktore nagusirako bere lehen bi Oscar izendapenak izan zituen. Ez zuen lortu. Baina Zilarrezko Hartza bana lortu zituen Berlinalen bi paper horiei esker.
Beste bi Oscar izendapen gehiago izan ditu XXI. mendean. 2001an Aktore Onenaren Oscar saria jaso zuen Antoine Fuquak zuzendutako “Training Day“ filmagatik. Bertan Alonzo Harris polizia bortitzarena egiten du. Bi Urrezko Globo ere ditu eta bost izendapen. Eta antzerkian ere ospe haundiko Tony sari bat jasota du, “Fences“ antzezlanagatik.
Aktore zerebrala eta zorrotza. “Philadelphia”n berarekin lan egin zuen Tom Hanksek dio “Washingtonekin lan egitea, interpretazio eskola bat hartzea dela”. 2002an lehen film bat zuzendu zuen “Antwone Fisher“, bost urte beranduago “The Great Debaters“. Aldi berean produkzioan haritu da. Azkena Donostiara ekarriko duen “The Equalizer“ bera. “Training Day” filma egin eta 13 urte geroago berriz egin du taldea zuzendari berarekin, Antoine Fuquarekin. Zuzendaria eta aktorea Donostian izango dira Europako estrenaldian izango denean.
Please comment with your real name using good manners.