KRISTINA ZORITA. Cannesetik
Iritsi da. Canneseko Zinemaldien Jauregian azken bi filmak ikusgai. Atzoko euriaren ondoren, eguzkia itzuli zaigu zine aretoetara sartzeko zain egotea gozoagoa egitearren. Agian programatzaileen keinu izan da edo agian kasualitate hutsa. Baina lehian zeuden hemerzortzi zuzendarietatik alfabetikoki lehena eta azkena izango dira gaur ikusgai. Sail Nagusian lehiatzen ziren frantziar lau zuzendarietatik azkena dugu gaur, Olivier Assayas. Lehiaketa ixteko Andrey Zvyagintsev errusiarra.
Aitortu behar dizuet: Olivier Assayas gustuko dut, oso gustuko. Beraz irrikitan nengoen bere azkena ikusteko. Bere “Clouds of Sils Maria“ zinemaldi aurretik nire “ikusteke zerrendan” zegoen. Aitortu baita irriki hori pittin bat apaldu zitzaidala istorioari erreparatu nioenean. Pelikula klasiko, “Eva al desnudo“ pelikularen bertsioa ote zen beldur nintzen. Baina hori baino gehiago da.
Bere karreraren une gozoan dagoen aktore baten papera jokatzen du Juliette Binoche frantziarrak. Duela 20 urte egindako pelikula bat berriz antzezteko eskeintzen diote baina lehenean emakume adinetu bat erotuko duen gaztetxoa bazen, orain maitasunez erotzen den emakume adinetuaren papera eskaintzen diote. Chloë Grace Moretz eta Kristen Stewart aktore estatubatuar ezagunak dira beste partaideak. Esan bezala, Assayasek gehiago ematen digu: denboraren igarotzea, adina da film honen zioa, ederki aurkezten digu hori gainera.
Errusia potentzia bilakatzen ari da zine munduan. Iaz Moskutik gertu egin dituzten estudio erraldoi batzuk aurkeztu zituzten Cannesen. Gasak aberastu duen Errusia baten eta errusiar oligarkeen poterearen sinboloa. Ez dakit Andrey Zvyagintsevren azkena bertan errodatu dute. Baina ziur gara asko bere “Leviathan” film hau ez dela Putin eta bere lagun oligarken gustukoa izango. Errusian dagoen ustelkeria salatu baitu zuzendari errusiarrak.
Alkatearen jokaldi zikin baten ondorioz gizon batek etxea galtzekotan dago. Alkateak geratuko da etxea eta zoruarekin. Gizonak Moskun lan egiten duen lagun abokatu baten laguntza izango badu ere. Etxea galtzekotan familian ere krisia sortzen zaio. Giro guzti honetan, vodka edaria barra barra hartzen dute. Diru eta botere goseak eta mozkortasunak erdoildutako Errusiaren erretratua egin digu Zvyagintsevek. Aurreko batzuekin konparatuz ulergarriagoa dugu “Leviathan“, Canneseko lehiaketa ixten duen hau.
Please comment with your real name using good manners.