KRISTINA ZORITA. Cannesetik
Canneseko zuzendari ohikoen artean dago Ken Loach britaniarra. Ia 20 aldiz ekarri ditu bere pelikulak zinemaldira, Sail Nagusira edo beste sailetara. Eta “El Viento Que Agita La Cebada“rekin Urrezko Palmondoa irabazi zuen. Aurten “Jimmy’s Hall“ lehiatu da Sail Ofizilean. Zinemaldia hasi aurretik bere azken pelikula zela iragarri zen. Baina 78 urteko zuzendariak Cannesen aditzera eman du zinea egiten jarraitu dezakeela.
Oraingoz azkena 1930eneko hamarkadan, Irlandan, independentzia lortu osteko eta gerra zibila bizi osteko Irlandan girotu du. Langileen eta nekazarien elkartasuna aldarrikatzen duen gizon batek eta bere lagunak herriko aretoa zabalduko dute berriz, gau eskolak emateko eta dantzan aritzeko. Aurrean apaiza izango dute eta lur jabe handiak. Ideia komunistak gaizki begiratzen duen IRA katolikoa mutu geratuko da. Loachek argi du. Zinema arma da. Berarentzat garrantzitsu diren balioak barreiatzeko erabiltzen ditu. Ondorioz, kritiko askoren gustuko ez da. Eta hori egotzi diote berriz. Ohi bezala doktrina emateko erabiltzen duela. Erretratu manikeista, txuribeltza egin duela diote. Nik baina erretolika gozatzeko egindako ahalegina txalotu diot. Umerozko printzak baitaude pelikula osoan eta batez ere antiklerikala jartzen denean. Ondo pasa dut. Besterik gabe.
Bigarrenarekin lehian ikusmena zegoen. Quebecen duela 25 urte jaiotako Xavier Dolan genioa da askorentzat. Cannesen ere aurrekotan sariak jaso ditu. Aurten Sail Nagusian estreinekoz parte hartzen du Dolanek, baina lehian duen “Mommy“ hautagai serioa zela zioten askok, pelikula ikusi aurretik ere. Ikusi eta gero, kritikak ia ahots batez Urrezko Palmondorako faborito nagusi deritzo. Filmak pertsonai konplikatu eta era batean, isolatutakoak pantailaratzen ditu. Alargundu berri den emakume batek semea, nerabe bortitza, hazi beharko du. Lan eskerga dirudi auzoko bitxi bat bere eta semearen bizitzan sartzen den arte. Barruak eragiten duen pelikula da. Eta esan bezala, sari potoloa hartu dezake.
Lehiaketa ostiralean bukatuko da ikusmen handia sortzen ohi duten biekin: Andrey Zvyagintsev errusiarra eta Oliver Assayas frantziarra. Biak Cannesen ezagunak.
Zure iritzia