KRISTINA ZORITA ARRATIBEL
Canneseko zinemaldia burtsa balitz, “babes balioak”, balio seguruak, erosi, programatu dituela esan genezake. Atom Egoyan kanadiarrak eta Nuri Bilge Ceylan turkiarrak hainbatetan parte hartu dute zinemaldian, sari desberdinak eskuratuz. Aurreikusitako ediziotzat jo dute askok. Errepikatzen diren izenak aurkeztu dituztelako. Lehiaketaren bigarren egunean, zinemaldian eskarmentu handia dituzten biak programatu dituzte. Kritikoei erreparatuta, batak maila gainditu du, besteak sekulako porrota izan du.
Nuri Bilge Ceylan Anatoliara itzuli da. Hain maite duen Anatoliara, hustuta dauden bere paraje ederrekin. Horietatik poesia atera ohi du zuzendari goxoak eta paisajistak. Berriro itzuli da gaur lehiaketan zegoen “Winter Sleep“ filmarekin. Erretiroan dagoen aktore batek Anatolian hotela darama emazte gaztearekin eta dibortziatu berri den arrebarekin. Elurrak dena estaltzen duenean hotela babesleku bilakatzen da baina baita gartzela. Horretatik ihes egingo du aktore ohiak. Gizakiaren inguruko analisia, irudi ederrak eta elkarrizketa ederragoekin borobildu du Bilge Ceylanek. Cannesetik lau urtez saria besapean eraman du Nuri Bilge Ceylanek. Liteekena da berriz eramatea.
Cannesen 1997an “El Dulce Porvenir” pelikularekin arrakasta lortu ondoren, hura bezala Kanadako pasai elurtuak eta nerabeak nahasten duen istorio batekin datorkigu Atom Egoyan. Egipton jaio baina Kanadan hazi eta hezi den zuzendariak gaur aurkeztutako “The Captive“ film honetan, aurrekoaren kutsua eman izan dio. Elurtuta dagoen kale batean, furgoneta batetik, neskato bat desagertzen da, aita izozkia erostera ateratzen denean. Aitarena Ryan Reynolds aktore kanadiarrak egiten du. Trama baina urte batzuk geroago hasiko da, neska bizirik egon daiteken aztarna berriak agertzen direnean. Benetako istorio batean du oinarrian. Beste behin, Egoyanek gurekin jolastu du, trama desberdinak sortuz, puzzle moduan. Baina kontakizun hutsala maldan behera erortzen da. Thriller kaskarratzat jo dute kritikoek. Canneseko Urrezko Palmondoan parte hartzeko mailarik ez duela eritzi diote.
Bihar lehian dauden lau frantziar zuzendarietatik lehenak parte hartuko du. Yves Saint Laurent modistoaren erretratua egin du Bertrand Bonellok. Bigarrena Damian Szifron argentinarraren lan berria, “Relatos Salvajes“.
Please comment with your real name using good manners.