Baionako Atalante zinemak Lapurdiko hiriburuko bizitza kulturala dinamizatu du. Filmak jatorrizko bertsioan ematen ditu Frantzian atera orduko. Gainera kontzertuak eta ezbaiak izaten ditu bere “gau berezietan”. Proposamenak ugaritu ditu L’Autre zinema duenetik. Hamar urte dira gainera, “Rencontres sur les docks”, egitarau berezia egiten dutela. Zinema, musika eta ezbaiak uztartzen dituzten lau egun borobiletan.
Aurten Marsellarako bidaia proposatu digute. 2013an Europako Hiriburu Kulturalaren zinegile ezagunetakoa da Robert Guedeguian. Donostiako zinemaldian ere parte hartutako zuzendariaren atzerabegiradakoa proposatu digute. Begirada soziala, klase borroka islatu duen egilaren zazpi film emango dituzte, tartean “Dermier Été“ bere lehena. Lehen film honetan jada agertzen dira askotan erabili dituen aktore nagusiak: Gérard Meylan eta Ariane Ascaride. Eta eszenaleku izan ohi duen Marsellako auzo langilea: L’Estanque. Guedeguian bera izango da Baionan.
Zinegileari buruzko liburua aurkeztuko dute eta omenaldi ederra den “Robert sans Robert“ filma. Bernard Sasia montatzaileak Guedeguianaren filmen pasarteak erabiliz egindako filma da. Marsellako kresala gehiago somatzeko, bertako herri kulturako artelanen erakusketa zabalduko dute eta Marsellako banatzaile baten bi filmak emango dira. Jardunaldiak ixteko larunbat gauean MOUSSU T E LEI JOVENTS taldearen kontzertua programatu dute. Marsella inguruko La Ciotat hiriko taldeak izena lortzen ari da Frantzian.
Meditarraneoko hiriburuaz gain, Euskal Herria ere present izango da “Rencontres sur les Docks” hauetan. Pirineotako bi alboetan egiten den zinema ekarriko dute. Gaur, adibidez, lehen egunean, Aitor Merino eta Amaia Merinoren “Asier ETA biok“ filma emango dute. Aitor Merinok esplikatu du filma nola egin zuten, zein erreakzioak jaso dituen eta filmak Hegoaldean izandako arrakasta. Jardunaldia borobiltzeko, Ruper Ordorikaren kontzertua izango da. Beste Iruñeako errealizadore baten Oskar Alegriaren “Emak Bakia“ dokumentala ikusteko aukera berria izango da larunbatean.
Iparraldera begiratu du Alegriak. Baina Baionan ez dira faltako Iparraldeko errealizadoreen begirada ere. Zuberoa utzi zuen Elsa Oliarj-Ines gazteak. Ikusentzunezko ikasketak egin ondoren bere lehen filmerako herriminez islatu nahi izan du bere herria. Gazteetan ikaskide izan zituenen bizitza eta berearena alderatuko ditu “Dans leur jeunesse, il y a du passé“ filmean. Kalakan taldearen ibilbidea islatu nahi dute Iban Rusiñol eta Nicolas Novion errealizadore gazteek ere “Sagarra Jo“ dokumentalarekin. Hori burutzeko diru bilketa hasi dute eta horrekin laguntzeko “Sagarra Bildu“ metraje ertaineko ekoizpena prestatu dute. Luzearen ardatzak agertzen ditu. Madonnarekin jo ondoren, ospe itzela lortu dute Kalakan taldea berak kontzertua emango du aretoan bertan bihar.
Please comment with your real name using good manners.