Lankidetzan istoriak kontatzeko dokumental askori sentsibilitatea falta zaie giza eskubide eta arlo sozialen ikuspuntutik. Hori iritzi zion Ganora Filmak taldeko Yolanda Ochoak. Eta horregatik beste lau lagunekin batera Donostian egoitza duen elkarte hau sortu zuen. Egun zinemaren bitartez, eskoletan giza eskubideen zabalketan daude. Hortaz gain, hiru tailer egin dituzte, Donostiako Zinemaldiarekin eta Giza Eskubideen zinemaldiarekin lankidetzan. Patricio Guzman, Txileko eta Javier Corcuera Peruko dokumentalista ezagunak izan dituzte irakasle. Tailer teorikoagoak ziren “giza eskubideen eta arlo sozialeen ikuspuntutik bi sortzaileen begirada pertsonala arakatu zen” dio Zigor Etxebestek, Ganora Filmak elkarteko beste kide batek.
Laugarren tailer bat prestatu dute apirilean egingo den Donostiako Giza Eskubideen XII. zinemaldiaren atari moduan. Orain praktikara pasa nahi dute. Gai sozialeei buruzko dokumentalak garatzeko tailerra Oskar Tejedor gidoilari eta zinegileak emango du. “Izenburuak dioen bezala ilusiotik sorkuntzara” azpimarratzen du Yolanda Ochoak. “Ilusioa baduzu dokumental bat sortzeko baina ez dakizu nola egin. Hemen duzu aukera” argitzen du.
Gidoilari, zinegile eta dokumental bat egiteko ideia eta gogoa duen edonori zabalik dago tailerra. Hasieran proiektuaren sinopsia, tratamendua eta egile oharra bidali behar da. Horiek zer diren ez badakigu? “Lasai, guk adibideak bidaltzen ditugu” dio Yolandak. “Laupabost proiektu aukeratuko dira eta horien inguruan lan egingo dute ikasleek” gehitzen du Zigorrek. Martxoaren bukaerarte www.ganorafilmak.com webgunean izena ematea dago.

Tejedor aproposa ikusten dute lan horretan. Gaisotasun larrien zaintzaileen inguruan “Cuidadores“ dokumentala egin du eta egunotan emakume etorkinen inguruko hainbat lanetan dabil. Gainera “Donostiako zinemaldian egiten den Lau Haizetara foroaren zuzendaria da” gogoratzen digute. Foroan sortzaileek eurek ideiak aurkezten diete telebisteei koprodukzio baten bila. “Agian gero gure tailerrean sortutako proiekturen bat forora iritsi daiteke” dio Zigorrek. “Tailerrean hasitako proiekturen bat zinemaldieetako batean ikusten badugu, helburua lortuta legoke” azpimarratzen dute.
Please comment with your real name using good manners.