Bilboko FAS zineklubak filmografia ezezagunak eta ezagunagoak nahastu ditu hilabete hontetako egitarauan. Franziara baina baita Turkiara eta Bielorrusiara bidaiatzeko aukera emango digu horrela.
Gaur Turkiara, Anatoliara egingo dugu bidai zinematografikoa. Turkiako zinema gero eta ezagunagoa da Nuri Bilge Ceylan bezalako pertsonairi esker. Aktore eta zuzendaria Canneseko seme kuttuna da. Bere lehen film laburretik pelikula gehienak Frantziako zinemaldian aurkeztu ditu eta sariak jaso. FASek gaur aurkeztu behar duen “Bazen Behin Anatolian” filmak Canneseko Epaimahaiaren saria jaso zuen. Nekazal munduan kokatzen du trama zuzendariak. Krimen bat argitu nahiean, medikua, fiskala eta hiltzailea lursail batera joango dira gaueko ordu txikitan. Lurra arakatzen duten bitartean euren bizitza ere arakatuko dugu ikusleek. Bi orduko filma da baina hipnosi saio batean bezala, filmari itsatsita eusten duen horretakoa da.
Cannesetik pasa zen guretzako filmografia ezezagunekoa den “Lainoan“ (“V Tumane”) filma eta FIPRESCI saria jaso. II. Mundu Gerran girotzen da. Sobiet Batasuneko mendebaldeko frontea Alemaniak okupatu du eta herri bateko gizon bati traidore izatea leporatzen diote auzokoek. Bere izena garbitu nahiko du. Zuzendaria Sergei Loznitsa Bielorrusian jaio, Ukrainian hazi eta egun Alemanian bizi da familiarekin. Batez ere dokumentalista modura ibili da denbora luzez.
Hila bukatzeko Cannesen ere lehiatu zen beste film bat. Frantziar zinematografiaren azken belaunaldietako adibidea da Christophe Honoré. Donostiako Zinemaldian lehiatu ere izan da. Eta Cannesen aurkeztu zuen “Chasons d’amour“ Donostiako Zinemaldian ikusgai izan genuen belaunaldi berriei eskeinitako atzera begirakoan. Hirukote baten amodiozko historia, aktoreek eurek kantatuta abestiez zipristinduta dago. Hilaren 25ean emango da FAS zineklubean Bilboko Frantziar Institutuaren laguntzarekin.
Please comment with your real name using good manners.