Urtearen lehen hilabeteak oparoak dira zinema sarietan. Aurreko urteari errepaso egingo baliote bezala nagusienak urtarrila eta otsaila artean ematen dira. Oscarren atari izaten diren Urrezko Globoak, Hollywooden dauden atzerriko kazetarien elkarteak ematen dituenak, igande honetan banatuko dira. Zazpina hautagaitzekin, faboritoak Steve McQueenen “12 years a slave“ (12 urteko esklabotza) eta David O Russellen “American Hustle“ (Amerikar iruzur handia) dira. Bata draman eta bestea komedian. Izan ere, sari hauek bi genero mota hauetan desberdintasuna egiten baitute sail nagusietan.
Komedian, “American Hustle”ko aktore talde osoa dago izendatuta. Besteak beste, Jennifer Lawrence, antzeztaldeko emakumezko bigarren aktore onenareko eta Amy Adams, emakumezko aktore nagusi onenareko izendatu dituzte. Emakumezkoen lana beste komedia batean, “August“en ere azpimarratu dute Hollywoodeko atzerriko kritikoek. Euskadin estreinatu berri den film horretan Meryl Streep dago aktore nagusi modura eta Julia Roberts bigarren aktore lanetan. Biak izendatu dituzte Urrezko Globetarako.
Emakumezko aktore nagusien lanak izendapen bana ekarri die hiru komediei. Julie Delpyk “Before Midnight“en egindako lana, Greta Gerwingena “Frances Ha“ filmean eta Julia Louis-Deyfrusena “Enough Said“ (Hitzak soberan daude) pelikulan izendatu dituzte komedian emakumezko aktore nagusietarako Urrezko Globoa jasotzeko.
Drametan, “Blue Jasmine“ filmaren emakumezko aktoreen lana balio dio Woody Allenen azken lanari lortu dituen bi izendapenak. Allenen alter ego lanetan, itzel dago, Cate Blanchett australiarra. Urteko lan onenetakoa da, gure aburuz. Ederki ematen dio erantzuna Sally Hawkinsek ere Blanchett antzezten duen neurotikoaren aizparen lanean. Emakumezko aktore nagusiaren globoa hartzeko lehiatzen direnen artean estatubatuar bakarra dago: Sandra Bullock “Gravity“ filmean galdutako astronautarena egiteagatik. Beste hiruak britaniarrak dira: Emma Thompson ekoizle baten emaztearen paperean “Saving Mr. Banks” filman, Judi Dench “Philomena“ filmean semearen bila 50 urte ematen dituen emakume bat gorpuzteagatik eta Kate Winslet “Labor Day“ ederran banadutako ama galdu baten paperagatik. Azken film hau Londreseko zinemaldian disfrutatzeko aukera izan genuen eta ustekabea hartu dugu izendapen bakarra baitu Urrezko Globoetan.
Please comment with your real name using good manners.