Dokumentalen munduko zinemaldirik garrantzitsuena gaur hasiko da Amsterdamen. IDFA izena duen zinemaldia sormenezko dokumentalak emateko lekurik aproposena bilakatu da. Zinemaldiak zinegilearen ikuspuntua era kreatibo eta zinematografikoan erakusten dituen filmak hautatzen ditu eta ikuslego zabal bati erakutsi. Horrela Michael Moore, Robert Kramer edoeta Werner Herzogen dokumental batzuk ezagutu dira IDFAn. Horregatik kanalen hirian egiten den zinemaldi hau dokumental sortzaileen erakusleku maitatuena da.
IDFAren 26. edizioa gaur hasiko da Siriako gerraren inguruan egindako pieza batekin. Talal Derkik “Return To Homs“ filmean Siriako hiri hondatu horretako bi lagun iraultzaileen erretratu pertsonala egin du. Filma dokumental luzeen lehiaketan lehiatzen den film asiar bakarra da. Lehiaketan horretan Ameriketako Estatu Batuetatik eta Hego Afrikatik film bana hartu dute. Gainontzeko hamairuak europarrak dira. Tartean Ventura Durall katalanak Etiopian filmatutako “The Wild Years“, gurasorik ez duten hiru mutikoen piurak kontatzen diguna.
Abenduaren 1rarte, osotara, 228 film ikusteko aukera izango da. 3000 film baino gehiago bidali dituzte. Emango diren tituluen erdia estrainekoz erakutsi dira publikoaren aurrera. Aitatzekoa da aurten saila eskaini dietela Asia Hegoekialdetik etorritako filmeei. Eta saila kuriosoa, “Based on the Same Story” sailean bi bertsio dituzten pelikulak emango dira, hau da, dokumentala eta istoria beraren inguruan egindako fikziozko pelikula eskainiko dira. Aurtengo hamar pelikula onena Rithy Panh zuzendari kanbodiarrak hautatu ditu eta bere lanaren atzera begikoa egingo dute. Zuzendari honen azken lana “L’Image Manquante” Donostiako zinemaldian eman zuten.
Euskaldun asko izango da gainera dokumentalen merkatu erraldoi honetan. Esaterako Migueltxo Molinak eta Pablo Iraburuk Iñaki Ochoa de Olza mendizalearen erreskatearen inguruan egindako “Pura Vida“ dokumentala eramango dute. Lanean izango dira ere David Beriain, Ainara Vera eta Iosu Lopez nafarrak. Eta Kanaki Films ekoizpen etxekoek ere Poloniako enpresa batekin egiten ari diren animaziozko dokumentalaren lehen pausuak erakutsiko dituzte. Raúl de la Fuente kamara eta zuzendaria Ryszard Kapuscinskiren mundura hurbiltzen ari da.
Please comment with your real name using good manners.