Ekainean sortu zuten Donostiako zinemaldi berezi hau, Creative Commons lizentzia duten pelikulekin osatutako zinemaldia. Creative Commons baimenak Copyright-ak baino malgutasun handiagoa duten egile-eskubideak dira. Egileak erabakitzen du nola zabaldu sarean, hasi aitorpenatik bakarrik ustiapen eskubideak egile eta ustiatzailearen artean partekatzeraino.
Donostiako CC zinemaldia labur geratu zitzaien edo eta gaur hasita eta astebetez, edizioa luzatu dute. Koldo Mitxelenan CC lizentzia duten filmak ikusteko aukera izango da asteazkena bitartean. Ostegun eta ostiralean berriz Gipuzkoako Argazkilari Elkartean izango dira emakizunak. Egunero proiekzioaren ostean solasaldia antolatu dute gainera.
Eta hasteko gaur Bartzelonan egiten ohi duten antzeko zinemaldi batean eskeinitako eta saritutako film laburrak emango dituzte. “Made In” izenburupean 11 pelikula labur emango dituzte. Bihar berriz Brett Gaylorrek Gregg Gillis musikariaren lanaren inguruan egindako profila, “Rip, A Remix Manifesto“, emango dute. Bertan pirateria eta beste adierazpen artistikoen funtsak aztertzen ditu zinegile kanadiarrak.
Asteazkenean hurbileko gauzak jorratuko dituzte. Musikari lotuta, “160 metros: Una Historia del Rock en Bizkaia“ dokumentala emango dute. Joseba Gorordok eta Alvaro Fierrok itsasadarraren bi albotan sortutako rock taldeen ibilbidea erretratu dute.
Ostegunean Juanmi Gutierrezek egindako “La Plaza de la Música“ emango dute Argazkilarien Elkartean. Amiantoren kalteak aztertzen dituen dokumental honen ostean, zuzendaria bera eta Jesus Uzcudun sindikalista arituko dira, besteak beste. Ostiralean berriz “Agronautas“, Juan Dopico Massobrio eta Iñigo Calvo Sotomayorrek egindakoa emango dute. Baserri bizitza eta iraunkortasunaren inguruko mahai ingurua antolatu dute. Kasu bietan, Kristina Enea Fundazioaren lankidetzarekin egin dute eta Ekologia sailaren barnean.
Please comment with your real name using good manners.