
Sevillako Europako Zinemaldia bukatu berria da. Eta bukatu Claude Lanzmann sarituz bukatu da. Zine zuzendari eta gidolari frantziarrak lan ibilbide osoagatik saria jaso du Sevillan. Holokaustoaren drama behin eta birritan ukitu du Lanzmannek, azken errebisioa “El Último de Los Injustos“ deitzen da eta Andaluziako hiriburuan ikusi izan da egunotan.
Klausura galan eman diote saria. Gala horretan Sevillako sari nagusiak zein pelikulek jaso dute jakin da ere. Sari nagusia, Urrezko Giraldilloa, Frantziara ere egin du bidaia. Cannesen aurkeztu eta kritika ona jaso zuen “El Desconocido del Lago“ (L’Inconnu Du Lac) filmak irabazi du saria. Alain Guiraudieren filma saritu dute “maitasunaren naturari egiten duen hurbilketa bereziagatik“. Filmaren fotografia arduradunak, Claire Mathonek, fotografia onenaren saria jaso du. Zilarrezko Giraldilloa Venezian garaile atera zen “Sacro GRA“ dokumentalak jaso du, “sentsibilitatez eguneroko pertsonaiak erretratatzeagatik“. Zuzendari onenaren saria berriz Malasian jaiotako Tsai Ming-Liangek jaso du, bere “Stray Dogs“ filmagatik.
Gidoi onenaren saria berriz “Selfish Giant” filmak jaso du. Clio Barnard britaniarrak zuzendu eta idatzitako filmaren gidoiak jada britaniar talentu berriaren saria jaso zuen Londreseko Zinemaldian. Emakumezko aktore onenaren iruditxoa Alexandra Finder alemaniarrak lortu du “The Police Officer’s Wife“ filmean egindako lanagatik. Gizonezko aktore onena berriz Toni Servillo da “La Grande Belleza“ film ederrean egindakoagatik.
Zinemarik berritzaileena sortutako sailean, “Las Nuevas Olas”en berriz, zine espainiarra izan da garaile. Lehen saria Juan Barrerok zuzendutako “La Jungla Interior“ filmak lortu du. Pelikula hau egun Espainiako produktore onenaren, Luis Miñarroren, produkzioa izan du. Aipamen berezia Lois Patiñok egindako lehen filme luzeari, “Costa de Morte“ filmeari eman diote. Lucarnon saria jaso ondoren etorri zen Sevillara. Krisiari muzin eginez Espainiako zine berritzailea erakusteko “Resistencias” saila sortu dute aurten Sevillan. Irabazlea Cristobal Arteaga txiletarrak egindako “El Triste Olor de la Carne“ filmak jaso du.
Please comment with your real name using good manners.