Zinemaldia bukatu eta berehala hasten da Kresala zineklubaren egitaraua Donostian. Talde berrituak japoniar pelikula batekin ekingo dio aurtengo ikastaroari. Eta hasteko Gijoneko azken zinemaldia irabazi zuen “About the Pink Sky“ (Zeru arrosaren gainean) pelikula ikusiko dugu. Nerabeak protagonista hartuta Keichi Kobayasi zuzendariak ontasunaren erradiografia bat egindu. Aurretik Elhuyar fundazioak antotalatutako lehiaketa irabazi zuen film labur bat izango dugu, “Formación de Nubes y Precipitaciones” Marta Vallvék zuzenduta.
Hilabete nahiko politikoa izango da bestela Kresalako zineklubean. Hurrengo astelehean “Homenatge a Catalunya II“ dokumentala emango dute, ekonomia solidario baten inguruan eta “Zero Pobrezia” GKEren lankidetzan antolatutako saioa. Urriaren 21ean zine fantastikoaren erreferente nagusi bat, Tod Browningen lan bat jarriko dute. 1927an filmatu zuen “The Unknown“, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiarekin lankidetzan pantailaratuko dute. Eta hilabetea bukatzeko beste dokumental bat, Portugaleko mertzenario eta GALeko kide izan zen Paulo de Figuereidoren nor zen azaltzen digun “Terra de Ninguém” ikusteko aukera izango dugu.
Bilboko FAS zineklubak berriz urriaren lehen egunarekin batera hasi zuen filmen jarioa. Asteartean bigarrena emango dute. Eta hasteko hango eta hemengo zinema uztartzen duen filma emango dute. Hoon Sang-soo korearrak Isabelle Huppert frantziarra zuzendu zuen “In Another Country“ filmean, hiru ipuinen bilduma den filma.
Urriaren 15ean Patricio Guzman txiletarraren dokumental paregabea “Nostalgia de la Luz”, galduezina. Urriaren 22an Alice Guyri, lehen zinegile emakumeari eskeinitako saioa izango dute. Hurrengo astean emanaldi bikoitza egitaratu dute. Urriaren 29a Radu Mihaileanuk zuzendutako “La Fuente de las Mujeres” eta hilabeteko azken ostegunean, berriz, Yann Arthus Bertranden lan multimedia, “La Sed del Mundo” emango dute.
Gernikako zine-klubak ere saioak hasi ditu. Ostiralean ekin zioten aurten Oscarra irabazi zuen dokumentalarekin, musiko ezezagun bat azalaratzeko balio izan zuen “Searching for Sugarman“ filmearekin. Bi aste barru Michael Winterbottomek gastronomia baina batez ere adiskidetasunaren inguruan zuzendutako “The Trip“ filmea emango dute. Eta hilabetea bukatzeko, harribitxi bat, “Perder La Razon“, Joachim Lafosse belgiarrak Cannesen aurkeztutako filma. Emilie Duquenne aktoreak emakume onenaren saria jaso zuen munduko film zinemaldi garrantzitsuenean.
Please comment with your real name using good manners.