Mireiaren eskuak

Amaren eskuak filmaren zuzendariarekin, Mireia Gabilondorekin, hitzordua Donostiako Tanger tabernan egin dugu. Nahita. Taberna honen izena du Miguel Sánchez Ostizen eleberri batek. Aproposa iruditu zaigu beraz Karmele Jaioren nobela batean oinarritutako filma baten inguruan hitzegiteko. “Duela bost urte irakurri nuen nobela, berehala irudietan ikusi eta oso gertukoa egin zitzaidan” dio Mireia Gabilondok.

Mireia hitzordura Maialen Sarasua montatzailea agurtu ondoren dator. Eseri eta eskatzera goazenean, Ana Turrillas jantzien arduraduna agertzen zaigu. “Emakumeez jositako filma da” erdi baieztatu erdi galdetzen diogu Mireiari. “Emakumeen pelikula” izenburua emango ote dioten beldurrez edo, kontraerasoa apala dator. “Emakumeek zinea egiten dugun heinean gure istorioak kontatuko ditugu, baina ez da emakumezkoen istorioa bakarrik” dio Mireiak. Eta gaineratzen du “suertatu da ama eta alaba baten arteko harremana izatea, ama ez dagoenean, bizitzaren bukaera hori nola kontatu. Esan gabe geratu diren gauza horiek“. Mireiak azpimarratzen duenez emakumeen istorio bat baino gehiago da, “inkomunikazioa dago muinoan. Oso euskalduna den hori. Ez esatea eta barruan gordetzea; berbalizatzen ez badugu ere, badakigu zerbait dagoen hori “, laburbiltzen du Mireiak.

Nerea zurrunbilo profesional eta pertsonal batean sartuta dago. Hari fin batetik kudeatzen ditu senarra, alaba eta lana. Oreka makal hori zapuztuko zaio ama ospitalizatzen dutenean. Burua galduta. Ospitalean gazte garaietako pasadizo bat gogora ekarriko du amak. Izen bat: German. Ez Nereak ez anaiak ez dakite nor den German hori. Iragana argitzeko Alemaniatik etorriko da amaren aizpa bakarra, izeko Doloresek. Ama-alaben arteko inkomunikazio harresia apurtuko du. Aldi berean, Nerearen gazte garaiko pasadizo bat azalaretuko da.

Gaiaren erruaz edo, emakumeek dute indar gehieneko pertsonaiak. “Baleuko ekoizpen etxeak askatasun osoa eman dit aktoreak hautatzeko” dio zuzendariak. Eta oso gustura dago. Nerea egiteko estrainekoz film batean Ainara Gurrutxaga hautatu du “hasieratik nuen garbi. Ezagutzen nuen aktore modura. Gainera Nerearen bizitzeko modua du, kazetaria da“. Kazetari izandako era Esther Remiro, amaren papera egiten duena. “Begiraden bidez oso lan polita egin du Estherrek” dio eta gaineratzen du “jende askok Esther irrati esatari modura ezagutu du, gutxik dakigu antzezle ere zela. Antzertin ahots irakasle izan nuen“. Argi zuen ere Doloresena egiteko Loli Astoreka nahi zuela. “Oso pertsonai garrantzitsua da, transmizio lana egin behar duena“. Eta ospitalean egiten duten lagun erdalduna Vicky Peñak, Mireiaren aktore maitatuak egin behar zuela ere argi zuen.

Lekeitiarrez egin dute filma. “Esfortzu handia aktoreentzat”. Agian handiena Nerearen gizon ingelesa egiten duen Marc Schardan aktore estatubatuarrentzat. Britaniar doinua ikasiz gain, euskarazko testua ikasi du Catalunyan bizi den aktore honek. Emaitza ikusteko orain duzue aukera. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko zine areoetan baitago “Amaren Eskuak” filma, Donostiako zinemaldiatik pasa ondoren.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online