Kritikak entzunak ziren Zinemaldiak ez baitu Perlak sailera Canneseko irabazlea, “La Vie d’Adèle” filmea ekarriko. Hainbat zinemaldietan ikusitako harribitxiak Donostiara ekartzeko sortu zen saila. Eta egun publikoaren saria horien artean bozkatzen da. Canneseko irabazlea Perlak sailean ez, baina saio berezi batean ikusiko dugu, FIPRESCI saria, kritikoen saria, jasoko baitu. Perlak sailean bestelako harribitxi ugari izango dira, Berlin eta Sundanceko irabazleak tarteko.
Berlinaletik bi irabazle ekarriko dizkigute. Batetik Urrezko Hartza, sari nagusia, lortutako “Pozitia Copilului“ film errumaniarra. Nik hainbeste maite dudan zinema errumarriaren fruitu berri honek ez du oraindik areto komertzialetan estrenaldia. Calin Peter Netzer zuzendariaren hirugarren film luzeak FIPRESCI saria ere jaso zuen zinemaldi alemaniarrean. Seme batengatik ama batek zer egin dezaken kontatzen digu. Amaren papera goraipatu zuten kritikoek. Baita “Gloria“ film txiletarraren protagonista. Paulina Garciak aktore emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza jaso zuen.
Sundanceko sari nagusia eta publikoaren saria eta Cannesen “Un Certain Regard” Avenir saria, gure Zuzendari Berrien sari modukoa irabazi zuen “Fruitvale Station“ ere izango dugu. Ryan Cooglerren lehen luzeak benetako istoria bat kontatzen du, Gabon Zaharrean gertatutakoa. Canneseko beste harribitxi bat, ez galtzeko gomendatzen dizudan horietakoa, “L’image Manquante“ da. Klarionekin eta artxibo irudiekin Rithy Path kanbodiarrak Jemere Gorrien erregimen izugarria gogoratzen du. Errealizadoreak berak sufritu zuen jemeren torturak. Ihes egin ondoren, Frantzian ikasi, eta sarraski horren berri ematen zuten hainbat dokumental egin ditu, besteak beste, Biarritzeko FIPA zinemaldian saritu direnak.
Cannesen izan diren “Jeune et Jolie“ eta “Like Father, Like Son“ ere emango dira zinemaldian. Baina François Ozonen eta Hirokizu Kore-Edaren filmeek ziurrenik estrenaldi komertziala izango dute. Ozonena egunotan Iparraldeko hainbat zinematan dago. Veneziatik animazio zinemako maisuaren, Hayao Miyazakiren azken lana gomendatu nahi dizuet. “Kae Tachinu/The Wind Rises” filma egiten duen azkena izan daiteke, Venezian iragarritakoa betetzen badu. Lidotik ere pasa zen Terry Gilliamen azken film bitxia “The Zero Theorem“ eta Donostian eskuragai izango duzue.
Toronton harrapatutakoen artean “Dallas Buyers Club“ dugu. Kritika itzelak izan ditu Jean-Marc Vallée kanadiarraren azken lana. “C.R.A.Z.Y.” eta “Cafe Fiore” ederren zuzendariak botika industriari aurre egiten dion IHESAdun gaixo baten istoria kontatzen digu, Matthew McConaughey aktorea buru duela. Urtarrilean estreinatuko da Frantzian. Eta zer esango dizuet Annette Bening eta Ed Harris aktore dituen edozein pelikularekin. Asko maite ditut aktore biak. Eta biek parte hartzen dute alargun batek galdutako gizonaren antza duen gizon batekin istoria kontatzen digu “The Face of Love“ filmean.Zinemaldiako Perlak saila zabalduko du.
Please comment with your real name using good manners.