George Clooney ohiko da Venezian. Gertu, Cuomoko aintziran du etxea eta horregatik agian ia urtero Biennaletik pasatzen da. Veneziako 70. edizioa asteazken honetan zabaldu da eta estraineko pelikularekin beste behin azaldu da Lidon George Clooney, Giorgio italiarrientzat.
Munduko zinemaldi zaharrena 3-D film banekin zabaldu eta itxiko da. Alfonso Cuaronen “Gravity” filma mundu estreinaldian eman du. Mexikarrak Sandra Bullock eta George Clooney jarri ditu espazioan. Istripu baten ondorioz, arineketan lurrera itzuli behar diren bi astronautak dira. Filma oso gusturua ikusi du kritikak. Eta bi izarrek aitortu dutenez, lan gehien eskatu dien pelikula izan da. “Fisikoki eta mentalki, inoiz egin dudan bereziena da. Erronka ederra nola zaren ikusteko” esan du Bullockek. Izan ere, bera da protagonista eta “Alien” film ezkeroztik espazioko emakume paper garrantzitsuena jokatzen du.
“Gravity” lehiaz kanpo aurkeztu da Venezian. Psikodrama hau gero Donostiako Zinemaldiko “Perlak” sailean ikusiko dugu. Datorren asteko larunbatean 3 dimentsiotan filmatu den “Amazonia” pelikulak itxiko du Veneziako zinemaldia. Oihan horretan, munduko birikia deritzan baso tropikal horretan gatibualdian hazitako tximu bat libre uzten dute. Bere nondik norakoak jarraitzen ditu filmak.
Bienalek 70 urte betetzen ditu aurten eta zaharberritze prozesuan, aurten estrainekoz bi dokumental izango ditu Sari Nagusiaren bila. Gianfranco Rosi dokumentalista italiarra etxera itzuli da. Autokaraban bateana bi urtez Erroma inguratzen duen sahesbidea eta bertatik pasatzen diren pertsonaiak erretatzera jo du. “Sacro GRA“ da Venezian aurkeztuko duen dokumentala. Zuzendariak Italo Calvino aipatzen du inspirazio iturri bezala, baina nik Julio Cortazarren “Los autonatas de la cosmopista” liburuaren usaina hartu diot nik.
Eta gerra hotsak entzuten diren une honetan, asmatu du Veneziak Errol Morrisen dokumental bat programatzen. Donald Rumsfeld, Bushen Defentsa idazkaria eta Irakeko gerra diseinatu zuena protagonista nagusia da “The Unknown Know – The Life and Times of Donald Rumsfeld” dokumentalean. Urrezko Lehoia lortzearren lehiatuko den bigarren dokumentala da.
Estrainekoz gainera Mostrak 15 film eskeiniko ditu streaminez, munduko edozein ordenagailutik, sarrera baten truke ikusiko direnak.
Epaimahaia Bernardo Bertoluccik gidatuko du. Eta irailaren 5ean, Andrzej Wajda errealizadore poloniarrari bizitza osoko saria emango diote. Poloniako beste pertsonai bati Lech Walesari buruz egindako filma emango da orduan.
Please comment with your real name using good manners.