Torontoko zinemaldiak gero eta gehiago kontainer handi bat dirudi. Lehiaketarik ez dagoenez, epaimahai baten lehiaketarik ez dagoenez, Canneseko, Berlineko eta Veneziako filmak ematen dituzte, Ameriketan estrenaldi modura. Baina izan liteke ere Kanadako zinemaldi horrek mundu mailako estrenaldia egitea eta gero gure Donostiako zinemaldiak hori programatzea. Pelikula lasai asko sartuko da lehian Sail Ofizialean.

Asteazken honetan Sail Ofizalean hiru izenburu berri iragarri ditu. Hiruak Kanadako hiriburuko zinemalditik pasako dira. Cairon jaio eta Kanadan hasitako Atom Egoyan zuzendaria “Exotica” bezalako izenburuekin ezagutu genuen. Donostian duela lau urte lehiatu zen “Chloe” filmarekin. Etxean, Toronton “Devil’s Knot” aurkeztu ondoren, benetako gertaera batean oinarritutako filma ekarriko du Donostiara. 1983an Memphisen hiru ume hil zituzten erritual satanikoa batean. Hala uste zuten behintzat. Egoyanek hildako ume baten ama hartuko du istoriaren ardatzatzat. Reese Witherspoon eta Colin Firth dira aktore nagusiak, Egoyaren gaia maitatuena, injustiziaren errakuntzak aztertzen duen film honetan.

“Oktober November”, Gotz Spielmann (Austria)
Donostian lehiatuko da baita duela lau urte kritika ona jaso zuen “Revanche” filmaren zuzendaria. Götz Spielmann austriarrak “Oktober November“ film luzea aurkeztuko du Sail Ofizialean. Famili bilera batean, bi aizpen arteko istilua gertatzen da eta sekretuak jakitera eman. Spielmannek pertsonaiak banaka agertzen ditu, gero historiak bata bestearekin uztartuz.
Bestelako istilu bat, gerra bat gogora ekarriko du berriki ezagutzera eman den hirugarren filmak. Jasmila Zbanic bosniarrak ezaguna egin zen 2006an Berlingo Urrezko Hartza irabazi zuenean “Grbavica” filmarekin. Bosniako gerran bortxatutako emakumeen nondik norakoak eta batez bortxatutako horien seme-alaben istorioa kontatzen zigun pelikula lazgarri horretan. Gerra hori eta emakumeen aurkako gerra krimen hori gogora ekarri du berriz “For Those Who Can Tell No Tales” errodatutako azken filmean. Donostian aurkeztuko den film horrek australiar turista bat izango du iturburua. Bosniara, Visegradeko hotel batera joango da, han gertatu zena jakin gabe. Bortxaketa eremu horretan izandakoak guztiz aldatuko du turista hori.
Hiruak ikusteko irrikitan.
Please comment with your real name using good manners.