Herri baten ekonomia ez badoa ondo, ez da oso normala zinemaldi distiratsu bat egitea. Herri baten gainbehera agian ere bere zinemaldien gainbeherean nabaritu daiteke. Pentsamendu hori etorri zait burura Veneziako sail ofiziala ezagutu ondoren. 70. edizioan Urrezko Lehoiagatik lehiatuko diren 20 filmek ez dute nire interesa piztu. Torontoko hautaketaren aurrerapenak irrikia sortu bazidan, Veneziakoak ez dit inongo zirrara sortu.
A mailako zinemaldia honek azken bi urtetan kaltetuta ikusi dugu. Agian batzuek esaten duten modura Erromako hitzordua goratu nahi delako. Edo agian Italiak jada ezin duelako dirutza eskatzen duen zinemaldi bat ganoraz antolatu.
Eta hasteko ohiko gonbidatu bat izango du: George Clooney. Hurbil, Comon etxea du kafe marka ezagun bat iragartzen duen aktoreak. Horregatik agian behin baino gehiagotan joan da Veneziera. Eta hurbilekoa izanda, berak antzeztutako “Gravity“ filmak zabalduko du Venezia, lehiaketaz kanpo. Alfonso Cuaron mexikarrak Sandra Bullock ere zuzendu du astronauten pelikula honetan.
Lehiaketan dauden filmen artean, “The Zero Theorem“ Terry Gilliamen filmak ekarri dezake Hollywoodeko distira. Christoph Waltzek, Matt Damonek eta Tilda Swintonek besteak beste parte hartu dute filmean eta litekeena da Veneziara joatea. Italiako hirian seguruenik izango dena James Franco aktorea da. Berak zuzendutako bigarren filma Urrezko Lehoiaren bila arituko baita.
Beste behin Venezian ikusgai izango dena Philippe Garrelen lan bat. Louis Garrel seme jasangaitzak protagonista duen “La Jalouisie” izango baita lehian. Paperean nahiago dut Amos Gitai israeldarra edota Xavier Dolan. Quebeceko zuzendari gazteak berriz ere homosexualitatearen inguruko istorioa kontatuko digu. Helduago den zuzendari israeldarrak pelikula korala egin du.
Gogo gehien baina Stephen Frears britaniarraren “Philomena“ filmak sortu dit. Umea kendu zioten emakume baten istorioa kontatzen digu. Zoragarri iruditzen zaidan Judi Dench izango da ume horren bila dagoen emakumea.
Eta jakin mina sortu didana Donald Rumsfelden elkarrizketatuz Errol Morris dokumentalista ezagunak egindako “The Unknown Known“ dokumentala da.
Guztiazk abuztuaren 28tik irailaren 7ra lehiatuko dira Venezian.
Please comment with your real name using good manners.