Nigatik balitz Urrezko palma jada eman daiteke. Zinemaldiko pelikula eta agian urteetako pelikula izan daiteke. Kritikari batzuek ez dute hainbeste maite. Sorrentinoren “La Grande Bellezza“. Zinegile italiarrak harrituta utzi nindun Andreottiren erretratua den “Il Divo” fimarekin. Canneseko Epaimahaiaren Saria jaso zuen. Orduan marraztutako hainbat lerro marrazki osoa bilakatu du orain. Liburu bakar batekin ospetsua egin den idazle-kazetaria da Jep Gambardella. Behin baino gehiagotan galdetzen diote zergaitik ez du liburu gehiago idatzi. Eta ez du erantzunik. Agian Edertasun Handiaren bila dagoelako. Baina glamourrez betetako festetara joan eta inguruetan lagun aberats eta guapoak baditu ere, ez du edertasun hori topatzen. Azken batean gezurretan oinarriak dituen mundu baten partaide baita, aspertzen den burgesia baten partaide.
Ezerezaren erretatua egin du Sorrentinok, egungo artea, eliza, kazetaritza elitista eta aristokrazia kritikatuz. Ikusleak gainera Felliniren “La Dolce Vita”ren errefentziak asko aurkituko ditu. Nahita. Hartan Marcello Mastroianni paseatzen zen Erromako kaleetan, honetan Tony Servillo (Il Divo-ko aktorea ere) dabil idazle-kazetari modura. Hartan argazkilaria zen Marcello, hemen argazkiak emakume aberatsa batek egiten ditu mugikorraz baliatuz eta gero facebookera bidaliz. Hartan Fontana de Trevin bainua hartzen zuen Annita Ekbergek, hemen Narbonna plazako Kontinenteen iturritik pasatzen da Jep eta gaueko maitalea. Eta nola ez, Fellinik hain maitatua dituen pertsonai bitxiak ere azaltzen dira honetan. Eta dena osatzeko azken plano hori Tiber ibaiaren barne, mendeetan Erromako estolderia izan den horretan.
Gehiegikerien erretratua ere egin du Steven Soderberghek lehiaketan gaur dagoen bigarren filmean. 1989an irabazi zuen Urrezko Palma estatubatuarrak “Sex, Lies & Videotapes” filmarekin. Eta hau parte hartzen duen seigarren aldia da. Liberace pianista eta bere mutil lagunaren lau urteko harremana pantailaratu du “Behind The Candelabra“ filmean. Mutil lagunak idatzitako liburuan egindako gidoia oso gay, gehiegi eritzi zioten estudioek eta azkenean HBO telebista katearen laguntzaz egin du filma. Zuzendariak Cannesen esan duenez, “denbora batez azken filma izango du hauxe“.
Aktore oso ezagunak ditu. Michael Douglas itzel dago gay esageratuaren paperean. Bikotea Matt Damonek oso ondo jokatzen du. Gay estravanganza dago bai. Ukaezina da. Baina azken batean maitasun istoria bat da. Bi lagunak nola maitemintzen dira eta bizitzak nola banatzen ditun ikusten da. Era berean, gay izatea eta publiko egitea zein zaila zen gogoratzen digu. Farrez lehertzen egon naiz eskena batzutan baina ez da Sorrentinoren lanaren mailara iristen.
Sail Ofizialean emakume zinegile bakarra badugu, “Un Certain Regard” sailean berriz gehiago dira. Gaur hiru ziren. Claire Denis frantziarra berriz da Cannese, erronka modura egin duen “Les Salauds“ pelikularekin. Aurreko laneetan bezala Tindersticks taldearen musika du. Eta jada izena egiten ari den Lucia Puenzo argentinarra Cannesen sail nagusi batean estrainatzen da “Wakolda“ filmarekin. Mendela naziaren ehiza Argentinan du gaitzat. Quebecen jaiotako Chloe Robichaud zinegileak “Sarah Prefere La Course” aurkeztu du. Jarraitu beharreko zinegilea omen da.
Please comment with your real name using good manners.