Sundance pareko, ÉCU Zine Independientearen Europako zinemaldia

Urte askoan SUNDANCEko zinemaldia zinema independientea plazaratzeko leku aproposena zen. Hollywoodeko ekoizpen etxe handietatik at, edota aurrekontu eskasekin egindako filmak merkataratu nahi baziren, Utaheko estatuan, Ameriketako Estatu Batuetan, urtarrilean egiten den zinemaldian erakutsi behar ziren. Hori behintzat film estatubaturrei dagokienez. Baina azken urtetan Europan ere film independienteek badute beste oholtza bat: Parisen egiten den ÉCU, Europako Film Indepedienteen zinemaldia.

Pasaden asteburuan zortzigarren edizioa izan zuen. Ez du bakarrik Europako produkzioa onartzen. 17 sailetan dago banatua eta horietatik 7tan beste kontinenteetako filmeak lehiatu daitezke. Aurten gainera sail berria gehitu dute, arabiarrez filmatutako zinema. Film luzeak, laburrak, dokumentalak, animaziozkoak … hiru egunetan osotara 108 film ikusi zituzten Parisen, 35 herrietatik etorrita. Sariak ere ugari, besteak beste musika bideo onena ere saritzen delako.

Hiru aipatu nahi nituzte nik. Europako Dokumental Onenaren saria Moving Gracefully Towards The Exit” filmak jaso du. Istoria batek artista bera geldiarazi dezakelaren froga da. Michel Gouilloud zientzilari frantziar bati gaisotasun arraro eta sendaezin bat diagnostikatzen diote. Patrice Reigner koreografo estatubatuarrak bere azken egunak filmatuko ditu. Baina zientzilaria hiltzerakoan koreografoak ezin izango ditu 60 ordu horiek gero ikutu, benetan hunkituta. Kutxa batean ahaztuta utziko ditu.  Urte batzuk geroago pisua alokatzen duenak aurkitu eta Reigner konbentzituko du hura bukatzeko. Reignerrek berak Jean-Bernard Androrekin bukatu zuen.

Zuzendari Onenaren saria Muriel d’Asembourg holandarrak jaso du Good Night filma laburragatik. 27 minutu ditu ekoizpenak. Euren adina baino gehiago emateko jantzita kalera, gaua “erretzera” aterako diren bi neskatoen pasadizoak jasotzen ditu filmak. Muriel Amsterdamen gidoigintza ikasi ondoren eta ekoizpen etxe bat sortu ondoren, Londresera joan zen zuzendari izateko. Azken lau urtetan hainbat sari jaso ditu idatzi eta zuzendu dituen filmengatik. Orain bere lehen film luzean ari da lanean.

Sari nagusiena, Europako Film Onenaren saria katalan bati egokitu zaio. Katalanez, hiru egunetan,15 mila euroko aurrekontuarekin filmatutako Othello. Pelikulako aktoreetako batek Ann Maria Perelló mallorkiarrak Emakumezko Aktore Onenaren saria ere eskuratu du. Shakespearen antzezlanaren bertsio berri bat filmatu omen nahi du zuzendari batek eta horretarako castinean, aktoreak aukeratzerakoan, mugaraino eramango ditu hautatutakoak, antzezlanean girotuta jeloskortasun istorioa errealitatean mugaraino eramanez. Film irabazlearen zuzendaria Katalunyako Zinema Eskola (ESCAC) ospetsuaren fruitua da. Aita siriarra eta ama katalana du Hammudi Al-Rahmoun Fontek eta egun irakaslea da eskola horretan. “Othello” hau bere lehen lana da eta jada Sevillan azaroan egiten den Europar zinemaldian ikusgai izan zen, “Olatu Berriak” deritzan sailean.

Sundance pareko jo dute askok, baina ÉCUk oraindik ez du Atlantikoz bestaldekoak duen itzala. Eta ÉCUn irabazle ateratako askok ez ditugu esaterako Espainiako areto komertzialetan ikusteko aukera izan. Baina Europako prentsak  gero eta arreta handiago ematen dio eta horrek bultzada ekartzea espero dute antolatzaileek. Bestela hainbat filmeen hautaketa bat eramaten dute munduan zehar ere. Ea noiz etorriko diren hemendik.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online