CESAR, Espainiako Goya sarien ostean Frantziako txanda orain

Etenik gabeko astea dirudi hau. Goyaren atxurra gainditu ezinik eta Oscarren atarian, gaur Frantziako akademiaren sariak jakingo dira. Eta 38. edizio honetako Cesar horien izendepenetan komedia batek hartu ditu gehien. Hego Euskal Herrian oraindik ikusi ez dugun Camille Redouble filmak. Izendapen horietan niretzat film batzuk gehiegi jaso dituzte eta beste batzuk berriz gutxiegi.

Camille redouble pelikularen zuzendariak, Noémie Lvovskyk bi sari jaso zituen film honekin Cannesen eta Locarnon. Gaur ere bere izena entzun daiteke Chatelet Antzokian. Zuzendari onenaren sarirako izendatua dago. Lvovskyren bosgarrren filmak osotara 13 izendapen ditu. Eta horien artean aipatzekoa aktoreen sailean dituen andana. Emakumezko aktore nagusirako Lvovsky bera dago. Zuzendari eta aktoreak 41 urte dituen emakume baten papera egiten du, dibortziatzera doan emakume alkooliko baten papera. Bapatean emakume hori nerabe izatera bueltatzen da, institutu garaietara. Askok “Peggy Sue se casó” pelikularen bertsiotzat jotzen dute hau. Bigarren mailako aktore sailetan ere emakume eta gizon bina izendatuta daude. Eta emakumezko aktore berrien sailean ere beste bi aktore daude izendatuta.

Komedia honen ondoren, drama batek eta film historiko batek hartu dituzte izendapen gehien. Hamar dute Amour eta Les Adieux à la reine. Aitortu behar dizute nire faboritoa Michael Hanekeren filma da. Oscar sarietan ere izendatuta dagoen “Amour” adineko bikote baten amodio istorio zoragarria kontatzen du. Eta Emmanuelle Rivak eta Jean-Louis Trintignantek aktore onenen Cesar saria jasoko balute asko poztu nintzake. Bestelako gertatzen zait Marie Antoinetten inguruko pasartea kontatzen duen “Les Adieux à la Reine” filmarekin. Ezin ulertu nabil 10 izendapen horiek, besteak beste, emakumezko aktore nagusia onena, zuzendari onena eta film onenarako. Ezin ulertu film hutsala iruditu baizitzaidan.

Eta ezin ulertu izendapen gutxiago baitute niretzat borobilagoak diren film batzuk. Esaterako De Rouille et D’Os“, Holy Motors eta Dans la Maison. Lehen biak 9 izendapen dituzte bakoitzak. Marion Cotillard askorentzat faborito da hankik gabe bizitzari heldu behar dion baleen hezitzaile baten paperean. Espainolez “De oxido y hueso” itzulitako drama pelikula onenarako izendatuta dago. Jacques Audiard zuzendariak ere saria jaso dezake eta gidoia bera, Audiardekin batera Thomas Bidegain zuberotarrak idatzitako gidoia izendatuta dago. Asko harritu nau “Holy Motors” filmaren izendapenak. Kritikoen bihotza hartu duen filma zaila, ausarta da, eta sari batzuetan hainbeste izendapen harrigarria iruditzen zait.

Eta niretzat ahaztu handia François Ozonen “Dans la Maison“. Donostiako Urrezko Maskorra irabazi zuen filmak sei izendapen jaso ditu. Eta edizio honetako ustekabea,Quelques heures de Printempsfilmak lau izendapen ditu, sail garrantzitsuetan, esaterako emakumezko aktore onena, zuzendari eta film onenerako izendatuta dago.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online