Urte berri, zinea berriz gure zine klubetan

Astelehenetan donostiar askok hitzordu berezia dute. Kresala zine klubaren saioen eguna izaten da. Urtarrileko egitaraua esku artean dugu eta ez dauka itxura txarrik.

Hasteko Jeff Nichols-en estraineko filma emango dute astelehen honetan, Shotgun stories. Aita hiltzen zaienean bi anaiorderen arteko borroka kontatzen duen filmak Fipresci Sari ezaguna lortu zuen. Nichols ezaguna egingo zaizue, “Take Shelter“, bere azken filmak sona handia izan baitu zinema independientean. Biharko saioak Begoña del Teso ohiko kolaboratzaileak aurkeztuko du.

Hurrengo saioan lehen Europako koprodukzioetakoa bat izan daitekena ikusgai izango da, Cagliostro. 1929an estreinatu zen film hau Richard Oswald austriarrak zuzendu zuen, aktore alemaniarrak ditu eta Errusiatik ateratako emigrante batzuek produzitu zuten. Frantziako Luis XVIren gortean ibilitako aztizar baten istorioa kontatzen digu. Gainera extra bat izango dute urtarrilaren 14ean Kutxako aretora, Zineklubaren egoitzara, pelikula ikustera joango direnak. Josetxo Fernández de Ortegak pelikula honentzat propio soinu banda idatzi du eta berau entzuteko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek.

Urtarrilak 21 Donostian jai eguna izaki, hurrengo astelehenarte itxoin beharko da. Egun horretan modan dagoen Michael Hanekeren film bat ikusi ahal izango dugu. 1989an Locarno irabazi zuen Zazpigarren Kontinentea. Austriarrak zinemarako egindako lehen filmak familia baten gainbehera kontatzen digu, familia guztiak bere buruaz beste egitera iritsi arte. “Amour” eta “Xingola Zuria” filmen ondoren, kultuzko zuzendaria bilakatu zaigun Hanekeren hastapenak ikusteko aukera zoragarria.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online