Hollywoodeko lehengusuek baino entzute txikiagoa dute. Urteak ere gutxiago: 25 europearrak, 83 AEBtakoak. Eta Oscarren zeremonia zuzenean ehundaka telebista katek ematen duten bitartean, Europako zine sariak gehientsuetan, zeremonia izan eta hurrengo egunetan ematen dituzte hainbat telebista katek.
Baina hain ezagunak ez badira ere, Europan egiten den zinea saritzeko eguna hurbiltzen doa. Eta Sevillan, bertako Zinemaldi Europarrean, ezagutzera eman dituzte aurtengo izendapenak.
Lehian buru, Michael Hanekeren “Amour” filma dago. Austriak Oscar sarietan aurkeztu duen eta Cannesen Urrezko Palmondoa, sari nagusia jaso zuen pelikula honek sei izendapen ditu, besteak beste, film onenari. Hanekek bi hartu ditzake, zuzendari onena eta gidoi onena. Eta noski, bere bi aktore protagonistak izendatuta daude: Emmanuelle Riva eta Jean-Louis Trintignant. Gure Ramon Agirrek paper txikia du filmean, eta esan behar dut, guztiz hunkitu ninduela Zinemaldian ikusi nuenean. Euskadin eta Nafarroan abenduaren bukaeran estreinatuko dute baina Iparraldean jada ikusgai dute.
“Amour”en atzetik, nominazio gehien “Shame” britaniarrak (sexu adikto bati buruzko filma) eta “The Hunt” (“La Chase”) daniarrak dituzte. Bosna izendapen dituzte. Umeak erasotzeaz salatu duten gizon bati buruzko film daniarra Mads Mikkelsen aktore zoragarria du protagonista eta Cannesen erakutsi zuten estrainekoz. Azaroaren erdialdean ikusgai izango da Baionako L’Autre zinean.
Ramon Agirrek parte hartzen duen “Amour” filmeaz gain, euskal zinemak begiak beste pelikula batean jarrita edukiko ditu. Alberto Iglesias musika egile donostiarra izendatu dute, “Tinker, Taylor, Soldier, Spy” (“El Topo”) film britaniarraren musika idazteagatik. Gerra Hotzeko espioi istoria maisuki girotzen du Iglesiasek.
Bata edo beste, nor izango den irabazle, Maltan abenduaren 1ean egingo den zeremonian jakingo dugu. Telebistaz, zuzenean edo diferituan.
RT @eitbcom: Europako "Oscarrak", glamour gutxiago baina kalitate nahikoa #zinema #filmak #estreinaldiak http://t.co/JvDvtO8C
RT @eitbcom: Europako "Oscarrak", glamour gutxiago baina kalitate nahikoa #zinema #filmak #estreinaldiak http://t.co/JvDvtO8C