Italia krisian, Veneziako Zinemaldia osasuntsu

Espainia bezala Italia krisi latza jasaten ari da. Arrisku saria goia jota eta zorra interes altuetan saltzen. Baina Italiako zinemaldi esanguratsuenak, Veneziako Mostrak osasuntsu jarraitzen du, parte hartuko duten izenei erreparatu ezkero.

Iaz Marco Muellerek zuzentzen zuen azken edizioa zenez, gastuei begiratu gabe, handiki jokatu zutela uste izan nuen. Izarrez bete zen Lido, Veneziako hondartzaren uhartea. Baina aurten bide beretsuari ekin diote.

Abuztuaren 29an zabalduko da Mostra Mira Nairren “The Reluctant Fundamentalist” filmarekin. Lehiaketaz kanpo eskainiko dute. Irailaren 8an, zinemaldiaren sari nagusia, Urrezko Lehoia jasotzeko beste 18 pelikula daude lehian. Besteak beste, Brian de Palma eta Terrence Malick estatubatuarren, Olivier Assayas frantziarraren etaTakeshi Kitano japoniarren filmak. Iaz baino bi titulu gutxiago lehiaketan.

Lehiaketaz kanpo izen esanguratsuak: esaterako Manoel de Oliveira portugaldarrak, Amos Gitai israeldarrak edota Susanne Bier daniarrak euren azken produkzioak erakutsiko dituzte. Aipatzekoa ere  Lidon Michael Mannek, Jonathan Demmek edota Spike Leek sinatutako dokumentalak ikusiko direla. Azken honek Michael Jacksonen ingurukoa egin du. Eta izarren artean flash eta kamara gehien hartuko dituena ziurrenik Robert Redford.

Lehiatuko diren filmen aurkezpena polemikoa izan da. P T Andersonek Zientziologiari buruz egin duen filma Venezian aurkeztuko zutela uste zuten askok. Baina Oscarretarako lehiakide indartsu den “The Master” filma ez dute aurkeztu. Aste honetan behintzat. Izan ere Mostraren zuzendari berriak, Alberto Barberak esan duenez, azken filma bat aurkeztuko dute datozen egunotan.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

One Response

  1. KristinaZA
    KristinaZA at |

    Veneziako Mostraz RT @eitbcom: Italia krisian, Veneziako Zinemaldia osasuntsu #zinema #filmak #estreinaldiak #aktoreak http://t.co/5I01hKPh

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online