Klasikoak modan

Duela gutxi gonbidapen hau jaso nuen sare sozialen bidez: “Etorriko al zara “The Searchers” ikustera?”. Lagunaren etxean zinea ikusteko gonbita zela uste nuen, John Ford-en “Centauros en el Desierto” edo “La prisonnière du désert” filma DVDn baitago edota modernoago den Blu-Ray formatoan. “Ez, neska, zinera”, erantzun zidan lerro batean lagunak. Zein zinekluban emango zuten nere buruari galdezka hasi orduko lagunaren hurrengo mezu-esalditxoa iritsi zitzaidan. “Trueban emango dute aste guztian”, idatzi zidan. Eta ni poztu nintzen. Klasiko bat zine areto komertzialean, SADEk Donostian dituen hiru zineetatik alternatiboena bada ere Gros auzoko Trueba zinea.

Areto hau berritu dutenetik estrenaldiaz gaindiko filmak ematen hasi dira. Esaterako, egun bakar batzuetan pelikula musikala programatu dituzte eta orain klasikoak jorratzeari ekin diote. Esaterako Hitchcocken hainbat film eman zituzten asteburu batean eta aste honetan John Forden 1956ko western zoragarri hori programatu dute. Sarrera normal baino pittin bat merkeago baten truke.

 

Donostiako zine hori ez da lehena izan. Iparraldeko zine aretoetan aspaldi ematen dituzte klasikoren bat hiru hilabetero behin. Horietakoa da Baionako L’Atalante zinema. Abuztuaren erdialderako “The Apartment” edo frantsesez “La Garçonnière” jarri dute afitxean. Billy Wilderren pelikula paregabea ezagutzeko itzelezko aukera. Bi kasuotan, Baionan eta Donostian, filmak jatorrizko bertsioan emango dira. John Wayne  eta Jack Lemnonen benetazko ahotsak entzuteko parada.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online