Cannes, iritsi da zinemaldien zinemaldia

Frantziako Kosta Urdineko hiri honetako zine jaialdia, zinemaldi izarren artean izar da. Bertan agertu nahi dute euren lan berria estrainekoz zuzendari eta produktora gehienek. Zine munduko kazetari gehienak bertaratzen dira eta Cannes agertoki eta merkatu ederra bilakatzen da maiatzeko 10 egun hauetan.

Horren adibide, gaur hasten den 65. edizio honetan parte hartzen duten izen handien zerrenda. Lehiatzen diren 22 filmen artean, Abbas Kiarostami, Jacques Audiard, David Cronenberg edo Michel Hanekeren azken lanak daude. Zaila beraz Nano Moretti italiarrak zuzendutako epaimahaiaren lana.

Cannesen estreinatu ondoren, batzuk berehala ikusgai izango dira gure aretoetan. Gaur zinemaldia zabalduko du Wes Andersonen “Moonrise Kingdom” estatubatuarrak. Eta gaurtik ikusgai izango da, besteak beste Donibane Lohitzuneko Le Select, Baionako l’Atalante eta Biarritzeko Le Royal zineetan. Hurrengo egunotan etorriko dira Jacques Audiard edo David Cronenbergen lanak.

Azpimarratu behar da Ramon Agirre donostiarra Canneseko sail ofizialean izango dela. Michel Hanekeren “Amour” filmean aritu da, lan txiki batean bada. Protagonista, Jean-Louis Trintignant bizi den etxean atezaia da Agirre. Ez da euskaldunen parte hartze bakarra. “7 días en la Habana” film kolektiboetako piezatxo bat zuzendu du Julio Medem donostiarrak eta zinta hori lehiaketaz kanpo ikusiko da estrainekoz Cannesen. Frantziako zinemaldi honetan estreinetuko du Dario Argentok bere “Dracula 3D” filma eta bertan aritu da Unax Ugalde aktore gasteiztarra. Izuaren maisuak Carpatoetako banpiroaren historiaren bertsio berria Sail ofizialean izango da, lehiaketaz kanpo.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online