Iritsi da ostirala eta astero legez, zine-karteldegiak berritu zaizkigu asteburu atarian. Hasteko, pelikula oso berezia, askok luzaroan itxaron dutena eta kultozkoa bihurtu dena ia: Tim Burtonen Alice in Wonderland (Alizia, herrialde zoragarrian).
Lewis Carrollen ipuin klasikoaren bertsio oso pertsonala egin du ohi bezala, Tim Burton zuzendariak. Fantasiazko herrialde zoragarria irudikatzerakoan aukera paregabea izan du bere zinematografian klasiko bihurtu diren eskenategi irreal koloretsuak, makilaje deigarriak eta itxura xelebreko pertsonaiak pantailaratzeko.
Eta noski, Tim Burton esan, eta gizonezko aktore protagonista baten izena datorkigu burura: Johnny Deep.
Bada, Deep bera izango dugu Kapelugile zoroaren paperean. Alizia neska alai eta kaskarina berriz, Anne Hathaway, izango da eta Burtonen beste aktore oso gustoko bat, Helena Bonham Carter, ikusiko dugu Erregfina Gorri maltzurraren paperean.
Beste aktore ezagun bat ere, John Travolta, aste honetan ikusgai dugu zine-karteldegian. Izenburu nahasgarri xamarra duen pelikula batekin datorkigu, Desde Paris, com amor (Paristik, maitasunez) izena du bere film berriak, baina ez da amodio-melodrama, ezta gutxiago ere! Akzio-thriller dinamikoa dugu eta Travolta, berriz, Paris hiriburuan terrorismoaren kontrako misio arriskutsua duen polizia oldarkorra.
Ilea motz-motz moztuta, belarritakoa, bibote eta bizar txikiarekin ikusiko dugu John Travolta oraingoan. Gizon gogorraren planta hartuta, legearen mugen ertzean eta arma hilgarriak eskuan ibiliko da goi mailako polizia agente hau, Wax izeneko beste lankidearekin batera.
Paristik Teheranera goaz orain, eta akzio eszena ikusgarrietatik istorio xamurretara; barne-gogoeta eragiten duen Irango zinema lasaiera, hain zuzen ere. Estreinaldi honek ere titutu berezi xamarra du: Nadie sabe nada de gatos persas (inork ez daki ezer katu pertsiarrei buruz). Hauxe da Bahman Ghobadi zuzendariaren azken lana.
Askok gogoratuko duzue zinema-zuzendari iraniar honen lehen lana: “Las Tortugas tabién vuelan”. Izan ere, Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen 2004ean. Baina ez hori bakarrik, bi urte geroago, Donostiako epaimahaiak ere bere Half Moon filma saritu zuen. Iaz ez zuen hainbeste zorterik izan, baina gaur aipagai dugun pelikula Sail Ofizialean lehiatu zen.
Oraingo honetan, Teheran garaikidean kokatzen gaitu Ghobadik eta kartzelatik atera berritan musika talde bat osatzea erabakitzen duten gizonezko eta emakumezko gaztebat aurkeztuko dizkigu. Musika ogibide izatea ez da erraza, ordea, Teheranen: Irango agintariek herrialdean abestea debekatzen diete eta diru edota pasaporterik gabe bada ere, Europan sartzea da bikote ausart honen ametsa.
Hegoamerikarik datorkigu hurrengo pelikula, Txile eta Argentinaren arteko elkarlana da: La nana drama
Raquel protagonistaren bizimodua ere ez da batere xamurra. Emakume erretxiña eta bakardade-zalea, 23 urte daramatza Raquelek goi mailako familia aberats baten seme-alabak zaintzen. Eta nagusiek beste zaintzaile gazteagoak bere laguntzaile gisa kontratatzen dituzten aldiro, baztertu egiten ditu tratu txar psikolojikoak eta trikimailu ankerrak tarteko, ihes egiten duten arte. Baina lautadatik datorren Lucy zaintzaile alaia eta xumea ez du kokiltzea lortuko, are gehiago: bere ondoan, bakardadea alde batera utzi erresuminik gabeko bizitza alai eta pozgarri bat posible dela ikasiko du Raquelek.
Eta amaitzeko, aste honetan ere ez zaigu falta komedia amerikarrik: Post grad, “graduatu berria” gisa itzul genezakeena ikusgai gaurtik aurrera.
Raiden Malby bere bizimodu osoan zehar amestuduen bizitza kosmopolitari ekiteko irrikitan dago; Unibertsitatean kazetaritza ikasketak amaitu berritan, argitaletxe ezagun batean kontratatu dute eta Los Angeles hiriko zonalde onenean dagoen loft moderno eta ikusgarri bat alokatu du, baina amestutako bizimodu hori amesgaizto bilakatzen da lanera bidean autoa matxuratzen zaionean.
Autoaren matxurarekin zorte-txar bolada luzea hasiko da neskaren bizitzan: ordurarte albistegietan soilik irakurritako krisiaz jabetuko da bere ametsetako lana galtzen duenean, gauetik egunera bere loft zoragarriko zorrak ordaindu ezinik geratuko da Raiden eta berriro ere, gogoz kontra, gurasoen etxera bueltatzea beste irtenbiderik ez zaio geratuko. Bertan zain izango du familia xelebrea: ama kaskarina, porrota besterik ezagutzen ez duen aita asmatzailea, eguna bere hileta elizkizuna prestatuz ematen duen amona erretzaile porrokatua nahiz beer panpinaren bitartez komunikatzea erabaki duen Hunter anaia gaztea. Aitaren eta Amonaren paperean, komedia munduko aurpegi ezagunak: Michael Kiton eta Carol Burnett.
Film berri hauetakoren bat ikusten baduzu, utzi hemen zure iruzkina!
Alicia en el país de la maravillas, asteko estreinaldi garrantzitsuena http://bit.ly/deSsrU
RT: @CarteleraEITB: Alicia en el país de la maravillas, asteko estreinaldi garrantzitsuena http://bit.ly/deSsrU