Azkenean Saw 6 filma ez da Estatuko zinema-aretoetan urriaren 23an estreinatuko, ez zinema-areto komertzialetan eta ezta X zinema-aretoetan ere. Buena Vista Saw 6 filmaren banatzaileak albistearen berri eman du prentsa ohar baten bidez.
Honela dio testu laburrak:
“Gaurko, urriaren 23rako, aurreikusita zegoen Saw VI filmaren estreinaldia bertan behera gelditu da kalifikazio arrazoiak tarteko. Aipaturiko kalifikazio hori aldatzeko helegitea aurkeztu dugu eta ebazpenaren zain gaude.”
Orain itxaron egin beharko da helegiteak bere bidea egin arte. Antzerako aurrekari bat bada eta orduko hartan arazoak konponbidea izan zuenez, esperantzarako leiho txiki bat ireki da. 2001. urtean Virginie Despentes eta Coralie Ttinh zuzendarien Fóllame filmak X kalifikazioa jaso zuen. Alta Films banatzaileak ebazpenaren aurka helegitea aurkeztu zuen eta bi hilabetera, filma zinema-aretoetan proiektatzeko baimena jaso zuen. Egoera errepikatuko balitz, Saw 6 filma Gabonetarako iritsiko litzateke zinema-aretoetara. Ea Olentzerok gure desioak errealitate bihurtzen dituen.
Please comment with your real name using good manners.