Agora Alejandro Amenabarren berriena 2009ko estreinaldi onena izan zen joan den astean. Karteldegian daraman bigarren astean listoia mantendu du eta rankingaren goiko puntan egoten jarraitzen du. Rachel Weisz protagonistatzat duen Agora filmak gorenean jarraitzen du eta ez dirudi datorren astean estreinatuko den Millennium II: la chica que soñaba con una cerilla y un bidon de gasolina filmak joera hori aldaraziko duenik.
Estreinatu eta bigarren astera zinema espainiarreko produkziorik garestienak 3,2 milioi euro batu ditu eta orotara, 11,3 milioi euro irabazi ditu. Agora oraindik nazioartean estreinatzeko dago eta zifra horiek asko hobetu daitezke, beraz. Agorak hartu duen bidea ikusita produktoreek inbertitutako 50 milioi euroak berreskuratuko dituzte.
Bigarren postua La cruda realidad, Robert Luketicek zuzenduriko komedia erromantikoarentzat izan da. Bere estreinaldian Katherine Heigl eta Gerard Butler protagonistatzat dituen filmak 1,7 milioi euro bildu ditu. Bigarren postutik hirugarrenera jaitsi da G-Force. Estreinatu eta bigarren asteburuan Disneyko akuri espioiek 5 milioi eurotik gora bildu dituzte.
Ikusienen zerrenda osatzen dute: La huerfana beldurrezko filmak; hamar milioi euroen mugan dagoen Quentin Tarantinoren Malditos Bastardos filmak; Rec 2 filmak, Woody Allenen Si la cosa funciona filmak; Campanella-Darin bikoteak eginiko El secreto de sus ojos filmak; Infectados film apokaliptikoak eta Vicky bikingoak.
Please comment with your real name using good manners.