Oscar sarien irabazleak ezagutzeko bost hilabete falta diren honetan, kritika hasi da bere faboritoen zerrenda ezagutarazten. Horien artean, aipagarriak dira Robert De Niro eta George Clooney. Hala ere, faboritoen zerrenda osatuko duten film gehienak estrenatu gabe daude oraindik.
Robert De Nirok aldeko zenbait komentario jaso ditu Everybody’s Fine filmean eginiko lanarengatik. Aipaturiko filma datorren abenduaren 4an estreinatuko da AEBetako zinema-aretoetan. George Clooneyk bestalde, Hollywoodeko Akademiaren sarietarako bosgarren hautagaitza lortu dezake The men Who Stare at Goats eta Up in the air filmengatik.
De Niro zein Clooney AwardsCircuit.com atariak osatu duen faboritoen zerrendan ageri dira. Aipaturiko atariak gizonezko aktore onenaren sarirako Morgan Freeman (Invictus), Daniel Day-Lewis (Nine) eta Jeremy Renner (The Hurt Locker) aktoreen aldeko apustua egiten du.
Emakumezko aktore onenaren sarirako, Carey Mulligan (An Education), Meryl Streep (Julie & Julia), Gabourey Sidibe (Precious), Hilary Swank (Amelia) eta Penelope Cruz (Los abrazos rotos, Nine) aktoreen izenak aipatu dira.
Sari potoloena, beste behin, film onenaren Oscar saria izango da. Aurten bada berritasun bat gainera atal horretan, bost beharrean hamar izango baitira film onenaren sarirako hautagaiak. Peter Jacksonen The Lovely Bones eta Rob Marshallen Nine dira hautagai nagusiak. Hala ere, indartsu datoz, baita ere, A Serious Man, Coen anaien berriena, eta James Cameronen Avatar filma.
Oscar sarien 82. ekitaldia martxoaren 7an izango da Los Angeleseko Kodak antzokian eta hautagaien zerrena otsailaren 2an jakinaraziko dute Beverly Hillseko Samuel Goldwyn antzokian.
Please comment with your real name using good manners.