Hasteko zorionak Zinemaldiko 57. ekitaldi honetan sariren bat irabazi duten guztiei. Hona garaileen zerrenda:
- Film onenaren Urrezko Maskorra: City of life and death
- Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra: Javier Rebollo (La mujer sin piano)
- Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra: Lola Dueñas (Yo, también)
- Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra: Pablo Pineda (Yo, también)
- Argazkilaritza onenaren Epaimahaiaren saria: City of life and death
- Gidoi onenaren Epaimahaiaren saria: Blessed
- Epaimahaiaren sari berezia: Le refuge
Benetan zur eta lur utzi nau epaimahaiaren epaiak. Ez dut film bat bera ere ikusi eta beraz, ez naiz epaia eztabaidatzen hasiko, baina… pronostikoak ez dira inondik inora bete. Juan Jose Campanella esku hutsik itzuliko da, izan ere El secreto de sus ojos filma ezer gabe geratu baita. Urrezko Maskorra irabazteko hautagai nagusia zen eta Ricardo Darin ere Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazteko zerrendan zegoen. Beste behin argi geratu da kritikaren eta ikusleen iritzia eta epaimahaiaren iritzia ez datozela bat. Gogoan dut Felix Linaresek berarekin izandako elkarrizketan esandakoa. Justizia egongo balitz irabazlea Campanellaren filma izango zela zioen, baina ezustekoak izateko beldurra bazuen eta… Zerbaitegatik zioen hori!!!
Bukatu da, bukatu da, bukatu da, ¡se acabo! Hala zioen orain gogora datorkidan kantu batek. Bederatzi egunez Donostia zinema munduaren erdigune bihurtu da eta bertako kaleak glamurrez bete dira. Krisia ere igarri da aurtengo Zinemaldian eta ohi baino egun bat laburragoa izateaz gain, (10 egunetatik 9 egunetara igaro gara) amaiera festa bertan behera geratu da, arrazoi bera tarteko.
Krisiak krisi, Zinemaldiak merezi duen itxiera ekitaldia izango du. Agurreko ekitaldia aurkezteko ardura Edurne Ormazabalek izango du eta gaurkoan Inma Cuesta aktorearen laguntza izango du zeregin horretan. Epaimahai ofizialeko kideek, Laurent Cantet buru dutela, Film onenaren Urrezko Maskorra, Zuzendari onenaren, Emakumezko aktore onenaren eta Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorrak eta Argazkilaritza zein Gidoi onenarentzako Epaimahaiaren Sariak banatuko dituzte. Ekitaldi berean, banatuko dituzte Horizontes saria eta Publikoaren TCM saria.
Itxiera ekitaldia gaueko bederatzietan hasiko da eta ETB1etik zuzen-zuzenean eskainiko du. Zinemaldiari azken errematea emango diote Rodrigo Garcia zuzendariak eta Naomi Watts, Kerry Washington eta Jimmy Smits aktoreek Mother and child filma aurkeztuko baitute leihaketatik kanpo.
Itxiera ekitaldi nagusia Kursaal jauregian egingo bada ere, Antonio Elorza belodromoak ere izango du bere itxiera saio propioa. Arratsaldeko 18:30etik aurrera Zabaltegi-Perlak saila itxiko duen Vengeance filma proiektatuko da. Kursaal jauregiko itxiera ekitaldia zuzenean emango da pantaila handian eta 22:30etatik aurrera Mother and child filma proiektatuko da. Proiekzio horretan izango dira filmeko zuzendaria eta aktoreak.
Beste sariak
Precious filmak irabazi du Publikoaren TCM saria. Aipaturiko filmak Zabaltegi-Perlak saileko gainerako filmekin lehiatu behar izan du saria irabazteko. Publikoak 9,113ko nota ipini dio eta publikoaren gogokoena izan da Tarantinoren “bastardo”en, Terry Gilliamen El imaginario del Doctor Parnassus edota Jim Jarmuschen Los limites del control filmen aurretik.
Ez da Precious filmak Donostian poltsikoratuko duen film bakarra izango. Izan ere, Publikoaren sariaz gain, TVEk banaturiko Otra mirada saria ere irabazi du. Aipaturiko sariak emakumeon mundua gertutik jorratzen duten filmak saritzen ditu.
Zinemalditik karteldegira
Munduko osoko zinema jaialditan aurkezten diren film asko eta asko ez dira inoiz zinema komertzialetan estreinatzen. Donostiako Zinemaldia ez da salbuespen izango eta ziur ez direla karteldegira iritsiko liluratuta utzi zaituzten filmetako batzuk.
Hala ere, tartean-tartean badira karteldegian estreinatzen diren filmak ere. Jarraian, laster zinema-aretoetan estreinatuko diren filmen zerrenda.
Sail ofiziala:
El secreto de sus ojos: 2009ko irailaren 25ean
Yo, también: 2009ko urriaren 16an
El baile de la victoria: 2009ko abenduaren 4an
La mujer sin piano: Laster zinema-aretoetan
Zabaltegi-Perlak
Malditos Bastardos: 2009ko irailaren 18an
Destino Woodstock: 2009ko irailaren 25ean
Los limites del control: 2009ko urriaren 2an
Si la cosa funciona: 2009ko urriaren 2an.
El imaginario del Doctor Parnassus: 2009ko urriaren 23an
Un prophète: 2010eko otsailaren 9an
Precious: 2010ean
Zabaltegi-Zuzendari berriak
Zorion perfektua: 2009ko urriaren 2an
Màscares: 2009ko urriaren 30ean
Horizontes latinos
Gigante: 2009ko urriaren 2an
Sin nombre: 2009ko urriaren 30ean
Zinemira
La maquina de pintar nubes: 2009ko urriaren 2an
Belodromoa
Oceanworld 3D: 2009ko urriaren 25ean
Toy story 3D: 2009ko urriaren 29an
Iruzki honekin nik ere agur esango diot aurtengo Zinemaldiari. Bederatzi egunez idatzi ditudan kronikekin gozatu izana espero dut. Hemendik aurrera, zinema albisteak jorratzen jarraituko dugu zazpigarren arteari eskainitako blog honetan. Eskerrik asko!!!
Please comment with your real name using good manners.