Lau egun behar izan ditu eguzkiak lehen aldiz 2009ko Zinemaldian agertzeko. Kosta zaio irtetea, baina atera denean berotu ere egin du. Ez dakit eguzkiagatik soilik ote zen, baina gaur distira berezia zuten jaialdiko protagonistek. Ziur horretan ere bere eragina bazuela L’oreal Paris, Zinemaldiko makillatzaile ofizialak.
Bigarren aldiz L’oreal Paris etxeak Zinema espainiarreko talento berri onena saritu nahi izan du. Iaz banatu zen lehen aldiz aipaturiko saria eta estreineko aldi hartan Clara Lago aktorea izan zen irabazlea. Blanca Suarez aktoreak hartu dio errelebua Lagori sariaren bigarren ekitaldian. Iaz, izendatuen artean izan zen Blanca Suarez, baina saria irabazteko atarian gelditu zen. Bigarren edizioan hautagaien artean izan dira irabazlearekin batera, Miriam Giovanelli (Mentiras y gordas), Manuela Velles (Camino) eta Mario Casas (Fuga de cerebros). Lehen biak, Maria Cristina hotelean egin den ekitaldian izan dira. Hirugarrenak ere bertan egoteko nahia omen zuen, baina Michael Radforden La mula filma grabatzen ari zela eta, ezin izan du bertan izan.
Paco Leon aktorea izan da sari banaketako aurkezlea eta bere alboan izan dira Mikel Olaziregi Zinemaldiko zuzendaria eta Monica Pueyo L’oreal Paris etxeko komunikazio zuzendaria ere. Azken bi horiek euren hitzaldi txikia egin eta gero, argitu du Paco Leonek zein zen sariaren irabazlea.
Saria irabazteagatik 20.000 euro jasoko ditu Suarezek berak nahi duen gobernuz kanpoko erakundeari emateko. Blanca Suarezek aitortu duenez, Punto omega Madrilen kokaturiko gobernuz kanpoko erakundeari emango dio sari hori. Punto Omegak gizartean baztertuta dauden gazteei, etorkinei eta toxikomanoei laguntzen die berriz ere gizarteratzen. Dohaintza horren arrazoiak ere eman ditu ekitaldi amaieran: “Iraganean Punto Omega GKErekin kolaboratu nuen, bere baloreak gustatu egin zitzaizkidan eta GKE bat aukeratzeko eskatu zidatenean burura etorri zitzaidan lehena izan zen.”
Blanca Suarez oso gustura agertu da saria jasotzean. Ondoren, kazetarien aurrean adierazi duenez, oso gustura dago saria jaso duelako, sari batek beti laguntzen baitu aurrera egiten eta beti baita pozgarria egiten duguna besteek aitortzea. Blanca Suarez orain El internado telesailaren grabaketetan murgilduta omen dago. Ez du askorik aurreratu nahi izan, baina pertsonaia berriak, eta sorpresa ugari izango direla adierazi du. Eta gezurra badirudi ere, aurreko denboraldian, baina beldur gehiago pasako omen dugu ikus-entzuleek.
Ekitaldiko protagonista Blanca Suarez izan bada ere, handik kanpo izarra Paco Leon izan da. Etengabe kazetari mordoa zituen inguruan eta guztiei ere adeitasunez erantzun die. Eguerdian sari banaketa garairako heldu da Donostiara eta bihar goizean bertan itzuliko omen da etxera. Berak aitortu digunez oso denbora gutxi izango du, baina pintxo on batzuk jan eta euskal gastronomiaz gozatzeko parada izan nahi du. Ea ba horretarako tartetxoren bat hartzen duen edota hobe esanda, kazetariok arnasa hartzen uzten diogun!!!
Eta zuk Paco Leon ikusi nahi baduzu, igaro zaitez Donostiako pintxo onenak ematen dituzten tabernetatik eta ea zortea duzun. Beste pertsona ospetsuren bat ikusten baduzu, konta iezaiguzu zure esperientzia!!!
Please comment with your real name using good manners.