Zinemaldiko hirugarren egun honetan euriak atseden hartu du. Goizean euri zaparradaren bat edo beste bota du, baina tira, ezer gutxi aurreko egunekin alderatuta. Atsedenik hartzen ez dutenak eguna joan eta eguna etorri, Maria Cristina kanpoan ospetsuen sinaduren zain dauden horiek dira. Hori da morala, hori!
Gaur, Zinemaldia hasten denetik bukatu arte lehen ilaran zain egoten diren horietako birekin izan naiz. Pantailaren ezkerreko aldean ikus daitekeena, Lorena da bilbotarra da eta Zinemaldiak irauten duen egunetan Donostiako amonaren etxean bizi da. Bigarrenak berriz Amaia du izena eta pasaitarra da. Jarraian ikus dezakezue bideoa (jatorrizkoa, gaztelaniaz).
Biek ala biek faltan botatzen dute aurreko urteetako pertsona ospetsuen mugimendua. Etsipenez oroitzen dituzte, etengabeko jendearen joan-etorriaren ondorioz, atseden hartzeko betarik ez zegoeneko garai hura.
Biak atseden hartzera joan dira etxera, jende mugimendu txikia zegoela eta. Ordubata aldera alde egin dute, euren hitzetan “goizo”, egun gogorrenetan goizeko zortzietatik arratsaldeko zortziak aldera arte izaten baitira bertan. Goiza lasaia izan bada ere, tartean-tartean aurpegi ezagun batzuk ikusteko parada izan dugu bertan genbiltzanok. Donostian pertsona ospetsuren bat ikusi nahian bazabiltza, jakin ezazu Quentin Tarantinok goizean utzi duela Donostia eta Maribel Verdu ere Gipuzkoako hiriburutik joan dela atzo Zinemako sari nazionala jaso ostean. Verdu presa handiarekin irten da Loiuko aireporturantz. Hala ere, kanpoaldean zeuden jarraitzaileen eskarien aurrean ezin izan du ezetz esan eta zenbait sinadura egiteko gelditu da.
Batzuk badoaz eta beste batzuk badatoz!
Gaurkoak ez zirudien egunik aproposena sinadurak batzeko, baina egoera aldatu egin da Robert Duvall aktorearen etorrerarekin. Hasiera batean bihar zen etortzekoa, baina azkenean hirurak baino lehenago iritsi da estatubatuarra Donostiara. Argazkilarien eta telebistako kameren aurrean gelditu ostean, Maria Cristina hoteleko eskaileretara zuzendu da. Han zituen zain Zinemaldiko kideak.
Flashik gehienak berarentzat izan badira ere, ez da Donostiara heldu den bakarra. Donostian da esaterako Manuela Velles Caotica Ana edota Camino filmengatik ezaguna den aktore gaztea, eguerdia baino lehen Maria Cristina hotelean sartzen ikusi baitut. Mario Casas Fuga de cerebros edota Mentiras y Gordas filmetako aktorea ere gaur heldu da Donostiara eta Londres hotelean hartu du ostatu, bateon batek ikusten saiatu nahi badu.
Aurretik aipaturikoen glamourrik ez badu ere, gaur iritsi da Bahman Ghobadi zinegile kurdistandarra Donostiara. Ezezaguna zaizuenontzat esan (aitortu behar dut Googlen bere izena sartu arte gizon arrotza zela niretzat ere) birritan irabazi duela Film onenaren Urrezko Maskorra. Lehena, 2004an irabazi zuen Las tortugas también vuelan filmarekin eta 2006an lortu zuen bigarrena Half moon pelikularekin.
Ospetsuen sinaduraren bila ero moduan zabiltzatenok izan pazientzia. Eta nonoren sinadura, argazkia edota delakoa lortzen baduzue, kontatu zuen esperientzia!
Please comment with your real name using good manners.